LITERATURA

Iban Zalduak “Biodiskografiak” lana plazaratu du

Iban Zaldua idazleak pop musikaren eta literaturaren arteko uztartzean oinarrituriko Biodiskografiak izenburuko lana plazaratu du Ereinen eskutik.

Zalduak bere bizitzan esanguratsuak izan diren 39 disko hartu ditu (azkena ezkutatuta dator, bonus track gisa), eta horien inguruan beste horrenbeste ipuin idatzi ditu, diskoetan ardazten den biografia fikzionatua erdietsiz. Mikel Hernandez Abaituak honela azaltzen du Hitzatzea izenburuko epilogoan: “[ipuinetan] maisuki nahasten ditu fikzioa, autofikzioa, eta zertzelada autobiografikoak”.

Autoreak aukeratu duen disko zerrendan 80ko hamarkadakaaok dira nagusi, eta artista ingelesenak dira gehienak, besteak beste, The Chamaleons, The Sound, The Cure, Sisters of Mercy, The Smiths edo Echo & the Bunnymen, -Itoizen Alkolea da liburuan sartu den euskal disko bakarra-. Aukeraketa horren harira, esanguratsua ere bada joan den larunbatean Donostiako Le Bukowski tabernan egindako liburuaren aurkezpenean autoreak soinean zeraman Joy Divisionen Unknown Pleasures diskoaren azalarekin apainduriko elastikoa. Fermin Etxegoienek, halaber, kamiseta bera aipatzen du liburuaren aitzinsolasean 80ko urteak gogoratzean: “… orain ulertzen dut zergatik janzten nuen hain gustura Unknown Pleasures disko-azalaz eginiko kamiseta”.

Liburuan, baina, Zalduak New Order-en Movement aipatzen du, Ian Curtis abeslari-mitoaren taldeak argitaraturiko Closer lanaren kaltetan. “Funtsean Joy Divisionen lan bat duk, Movement, baina Ian Curtis gabe. Eta horixe izan zuan disko horren hondamendia. Musika aldetik Joy Divisionen Closer baino hobea dela esatera ausartuko nindukek”, dio Kontuaz hitz egin beharko genuke noizbait ipuineko bi protagonistetako batek telefono bidez. Aurreko bikotekidea ahaztu ezin duen bikote berri baten telefono bidezko krisi-solasaldia da. Horrelakoak dira, hain zuzen ere, disko-ipuin hauek, idazlearen bizitzan oinarrituriko zatiak. Zati horiek, baina, entzun ere egin daitezke irakurtzen diren artean. “Paradoxikoa da, nire libururik autobiografikoena da, baina fikziotik ere asko dauka”, esan du Zalduak.

Beste titulu batzuk

Bestalde, Ereinek beste nobedade hauek ere argitaratu ditu: Andrea Camilleriren Gauaren Usaina nobela; Aritz Gorrotxategiren Hariaz beste poemategia, eta Maider Garcia de Vicuñak eta Iratxe Porrasek idatziriko Sexualitatean Xirikatuz saiakera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button