ARTEABESTELAKOAK

“Gazte Arte Topaketak”, Uharteko Zentroan larunbatetik aurrera

Datorren larunbatean, irailaren 28an, hasiko dira aurtengo edizioko Gazte Arte Topaketak non sortzaile gazteen 13 lantegi eta 11 aurkezpen artistiko jasoko diren urriaren 19ra bitarte.

Guztira, 45 sormen proiektu aurkeztuko dira, ikus-entzunezkoetan, arte plastikoetan, arte eszenikoetan, musikan edota moda diziplinatan hautatutako lanak, hain zuzen. Eta ekimena osatzeko masterclassak, kontzertuak, proiekzioak eta diziplina hauekin lotutako bestelako jarduerak egingo dira. “Artisten sormen-lanak herritarrengana hurbiltzea da xedea, tailerren, erakusketen, emanaldien edo kontzertuen bitartez”, antolatzaileen esanetan.

Programaren helburua, autore gazteak erakusketa eta banaketa zirkuituetara gerturatzea da, eta era honetan, proiektuak egiteko, “lengoaia ezberdinen artean lanerako sareak sortzea eta modalitate artistikoen arteko topaketa eta elkarrizketak bultzatzea”, azaldu dute antolatzaileek.

Arte eszenikoen, plastikoen edota ikus-entzunezkoen modalitateetan hautatutako parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztuko dituzte epaimahaiaren eta gainerako artisten aurrean. Modu horretan, obra gauzatzearen zergatiak eta sormenean erabilitako elementuak nahiz irizpideak egileak berak azalduko ditu.

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan modalitate plastikoak eta ikus-entzunezkoak bilduko dira, eta Iruñeko Civivox-en sareko hainbat zentrotan, Iturraman, San Jorgen eta Mendillorrin, hain zuzen,  arte eszenikoen tailerrak eta emanaldiak egingo dira. Kontzertu eta musika emanaldiak, aldiz, Txintxarri aretoan, eta Baluarteko Harresien aretoan, moda-bildumak aurkeztuko dira.

Hautatutako proiektuen sari banketa ekitaldia, urriaren 19an, Geltoki aretoan izango da, eta bertan egongo dira gainera, topaketa horretan parte hartu duten artistak.

Egitarau osoaren berri duzue hementxe (gazteleraz).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button