MUSIKA

Gauzak egiteko modu ezberdina dakar Pello Reparazek, “Zetak” disko berriarekin

Euskal musikaren industriaren legeak eta egiteko moduak apurtzera dator Pello Reparaz Vendettako kide ohia bere proiektu berriarekin. Eta hala adierazi  eta erakutsi  du gaur bere lan berria aurkezteko Bilboko Kafe Antzokian egin duen ez-ohiko prentsaurrekoan. Izan ere, jarraitzailez bete da prentsa aretoa eta kontzertu areto bihurtu da ekitaldia.

Ideia berritzailez beteta dator, hartara, Zetak proiektua eta sormen kontzeptu ezberdina ez ezik, musika estilo ezberdina ere proposatzen du lan berriarekin, soinu gogor, sakon eta ilunek osatzen baitute lana. Hala, elektronika eta sintetizadoreen doinuak nagusitzen dira soinu identitate propio bat bilatzeko saiakeran, orain arte bere musika ibilbidean egin duenetik erabat aldenduz. Diskoa egiteko sormen prozesu ezberdina azpimarratu du arbizuarrak, eta gauzak beste modu batera egiteko saiakera bat dela emaitza gaineratu du.

Esperimentazio saiakera hori zuzenean lan berriak dituen 10 kantuetatik 3 jo dituenean ere agerian geratu da, bai aipatutako musika estiloari dagokionez, baita talde formatuari dagokionez ere. Hala, prentsa-aurkezpen kontzerturako beren-beregi  sortutako formatu berezia aurkeztu badu ere, zuzeneko kontzertuetarako oholtza gainean ordenagailu, sintetizadore eta kable artean, laborategi bat muntatuko dutela, esan du abeslariak.

Musika-konposizioarekin egin duen bezala, hitzak ere Reparazek sortuak dira. Hala, bere bizitzako zertzeladak eta sentipenak dira, fikziozko pertsonaien bitartez kontatuak. Azaldu duenez, “hamaika pertsonaien bitartez hamaika istorio eta bizipen kontatzen dira, bakardadean zein ihesean bizi direnenak, esaterako.”

Gotzon Barandiaran idazleak idatzitako manifestu-aldarrikapen bat baliatu du diskoaren ezberdintasun edo bestelakotasun hori azaldu nahian. Bertan, Zetak, “azkenak, ahaztuak” direla esaten du, “abezean ere atzean daudenak. Baina gu hor, eta zu hemen; zirkulua zarratzen”.

Diskoaren aurkezpen ofiziala, Durangoko Azokan egingo du abenduaren 6an, emango duen zuzenekoan. Eta diskoa ere bertan eskuratu badaiteke ere, sareetan bada diskoko kantu eta bideoz gozatzeko aukera ere.

Informazio gehiago, Zetak taldearen webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button