IKUS-ENTZUN

Gaurtik aurrera “Animakon Fest”-en bigarren edizioa

Animakom Fest jaialdiari esker, animazioko zinea bilduko da Bilbon, apirilaren 11tik 15era. Aurtengo jaialdiaren helburuetako bat animazioaren munduko emakume errealizadoreen, irudigileen eta animatzaileen lana azpimarratzea izango da.

Jaialdia gaur berton, apirilaren 11an, hasiko da Kim Keukeleire animazio zuzendariaren klase magistral batekin, Campos Antzokian. Zuzendari hori profesional ospetsua da, eta hainbat filmetan egin du lan, adibidez, Chicken Run, Fantastic Mr. Fox edo Frankenweenie. Gero, 20:00etan, Ma vie de courgette film luzea proiektatuko da.

Bigarren edizio honetan, jaialdiak ehun bat lan aukeratu ditu lehiaketako sekzio bietan  jasotako 1.500 film laburren artean.  Yves Nougarede, Annecy-ko Animazioko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko programatzaileak, Priit Tender, Estoniako zuzendariak eta Kim Keukeleire, jaialdia inauguratuko duen zuzendariak aukeratuko dituzte lehiaketa ofizialeko hiru saridunak (Shorts Film Competition); beste alde batetik, Britt Raes, aurreko edizioan Zuzendari Onenaren Saria lortu zuen zuzendariak, Petrit Gora, Kosovoko Anibar jaialdiko zuzendari artistikoak, eta Olatz Beobide aktoreak aukeratuko dituzte ikasleen lehiaketako hiru irabazleak (Student Films Competition).
Beste sari batzuk ere emango dituzte: emakumeek zuzendutako film onena (Zinemakumeak Gara! elkarteak emana), gidoi onena (Gidoilari profesionalen Euskal Herriko Elkarteak emana) eta Berrikuntza Saria (Mondragon Unibertsitateak emana).

Edizio honetako jaialdiko saria Joy Batchelor zuzendariari emango zaio. Zuzendari horrek Abereen Etxaldea film luzea zuzendu zuen. Abereen Etxaldea proiektatzeaz gain, jaialdian bere lanaren atzera begirakoa eskainiko da, eta Ruddigore film luzea eta film laburren aukeraketa bat ikusi ahal izango dira, apirilaren 12an eta 13an, EHUko Arte Ederren Fakultatean.

Zine proiekzioez gainera, jaialdiak prestakuntza ere eskainiko du, hainbat tailerren bidez.

Informazio guztia, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu