MUSIKA

Jazz doinuak nonahi

Jazz doinuak entzuteko parada izango dugu egunotan Bizkaiko hainbat txokotan. Hasteko, Getxoko Jazzaldiak bere 36. edizioaren talde lehiaketan parte hartuko duten taldeak iragarri ditu.
Miroslav Hloucal Quartet (Txekiar Errepublika), Piotr Pawlak Jazztet (Austria), Tobias Meinhar Quintet (Alemania) eta Szwec & Wendt Quintet (Polonia) dira uztailaren 4tik 7ra bitarte Getxoko Jazzaldiaren lehiatuko diren jazz bandak.

Oraingo honetan, 15 herritako taldek parte hartu dute ekimenean. Espainiak, Alemaniak, Poloniak eta Danimarkak aurkeztu dute talde kopururik handiena, Txekiar Errepublikaren, Frantziaren eta Suitzaren aurretik.

Sariei dagokienez, 3.750 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko dute zuzenean. Bigarren saria 1.500 eurokoa izango da, eta bakarlaririk onenak 750 euro poltsikoratuko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako jazzaldietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen hitzarmena dela medio.

Bestalde, 365 Jazz Bilbao ekimenak iragarri du datorren martxoaren 23an eta 24an Bob Sands Quartet-ek joko duela Hesperia Bilbao Hotelean, 22:45ean. Bob Sands (1966, Manhattan) saxo jotzaileak jazz musikari handienekin jo du, besteak beste, Gerry Mulligan, Chano Domínguez eta Dizzy Gillespie musikariekin. Espainiako pop eta rock musikari askorekin kolaboratu ohi du.
Hiru formatu ezberdinetan aritzen da bakarlari gisa: big band, hirukote eta laukote. Azken horrekin arituko da Bilbon, Pablo Gutierrez (pianoa), Francisco Lopez (kontrabaxua) eta Dani Garcia (bateria) musikariekin, hain zuzen ere.

Azkenik, Kultur Leioak ere blues kontzertu interesgarria antolatu du musika zaleentzat. Hala, ostiral honetan, martxoak 16, AEBetako The California Honeydrops bandak joko du, Leioako BluesJazz Zirkuitoa ekimenaren baitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button