MUSIKA

BIHAR, Inun kantariaren kontzertua, Bilboko Euskararen Etxean

Mikel Inunziaga kantautoreak kontzertua eskainiko du BIHAR Bilboko Euskararen Etxean, Azkue Fundazioak antolaturiko kontzertuan.  Bere gitarra eta ahotsez jantzita etorriko da (20:00ak inguru).

Berreginez eta Da Nola lanak argitaratu eta gero, Mikel Inunziaga kantaria lan berriarekin dator, eta duela hilabete batzuk disko berria aurkeztu zuen: Aingurak.

Aurkezpen egunean, Lutxo Egia idazleak honakoa esan zuen: “aingura, indar handiko irudia da. Izan ere, zeintzuk dira gure aingurak? Denok estekatzen gaituzten aingurak badaude, denok ditugulako. Baina era berean, aingura zerbait positiboa ere bada, sendotasuna erakusten baitu, deribaren kontrako elementua baita, eta orekarako giltza ere bai. Hain zuzen ere, disko berri honetan, nik oreka ikusten dut”.

Inunek Jon Benitoren Aingurak erreketan poematik hartu du titulua, izan ere, “poema hura irakurri nuenean pentsatu nuen: hauxe musikatu egin behar dut”. Eta hala izan da. Benitoren hitzekin batera beste idazle eta lagun batzuen hitzak jaso ditu disko “artesanal” honetan, tartean, Iñaki Mendizabalenak edota Iñigo Astizenak.  Azken idazle horrena da harrera paregabea izan duen Piztia zaurituak izeneko kantaren letra (kanta horrekin bideoklipa ere gauzatu du kantariak).

Disko berriak aurreko bi diskoen hibridazio bat dela esan zuen Inunek, “hobekuntza asko tarteko, baina lehengoaren freskotasuna eta makillaje gutxi ditu, eta bigarrenaren instrumentazio landuago bat”.

Diskoan zortzi kanta sartu ditu, eta euren lerroetan “gaurko egoera sozialari eta norbanakoari buruzko galderak eta kritikak planteatzen ditut”. Ez da tristeziaren apologia bat, ez zuen oso disko iluna egin nahi, baina kanta gogorrak eta pisutsuak egon badaude, baina musikarekin “suabizatu” egin ditu kantariak.

Diskoa grabatu du musikari lagunekin eta banda  izango denarekin, eta biran arituko da, hortaz,  honakoekin: Argibel Euba, baterian; Dani Tomás, gitarra elektrikoan; Bihotz Gorospe, koro eta perkusioekin; Ekain Alzola, baxuan; eta kontzertu honetarako Sergio Mayoral tronpeta-jolea ere izango da.

Hortaz, bihar, Inunek Euskararen Etxean egingo du kontzertua lan hori aurkezteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button