LITERATURA

Gaur hasiko da Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren XI. edizioaren hasieraren prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Azkuna Zentroan. Aurkezpenean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko kultura zinegotzia eta AZ-ko presidentea; Lourdes Fernandez Azkuna Zentroko zuzendaria; eta Eudal Carbonell, Stefano Mancuso, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza eta Maider López egileak bildu dira jaialdiaren nondik norakoak azaltzeko asmoz.

Apirilaren 29ra arte luzatuko den Naturara itzultzea, Utopia literarioa ote? izenburupeko Gutun Zuria jaialdia gaur bertan abiatuko da Natalia de Miguel dantzari bilbotarraren Clara ikuskizunarekin. Ondoren, Manuel Rivas, Stefano Mancuso eta Eudald Carbonell artisten solasaldiek izango dute leku.

Aurtengo leloan David Thoreau, Walden eta Desobedientzia zibila lanen autorea, idazlearen berrehungarren urteurrenaren harira dator, eta “naturarekin harremanetan mantentzeko beharraren hausnarketa, pertsonen eta naturaren arteko orekaren sustapena eta natura basatiaren itzulera paradisu galdu gisa proposatu nahi du”.

Aurkezpenarekin bat eginez, bertako Atarian, Ivan Cebrian musikariak eta Coco Moya artista bisualak sortu duten Menhir erakusketa egongo da ikusgai. Erakusketaren aurkezpena oso inpaktantea izan da. Ikatz harriak barreiaturik izan dira lurrean. Harri bakoitza ukitzean soinua ateratzen da, eta hala sekulako pieza musikala sortu dute bertan. Ederra, liluragarria. Harriak musikariak dira!

Aurtengo Gutun Zuriak mahai gainean jarriko du kapitalismoan eta pilatzean oinarritutako gaurko gizartearen kritika. Horrez gain, gizaki garaikidea lagundu nahi du gure gizartean galduta dagoen poztasunaren bilaketan. Guztira, 150 idazle baino gehiagok parte hartu dute Gutun Zuriaren 11 edizioetan. Aurten ere izen handiko idazleak egongo dira; Manuel Rivas, Stefano Mancuso, Eudald Carbonell, Maja Lunde, Lars Myting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, Ixiar Rozas, Maider López, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, Terry Tempest Williams eta César Aira, besteak beste.

Informazio gehiagorako: www.azkunazentroa.eus

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button