LITERATURA

Haziak, printzak eta kanguruak

Nobedade interesgarriak agertzen ari dira udaberri honetan. Elkar argitaletxeak ale batzuk kaleratu ditu jada, tartean, Asel Luzurragaren Lurrean Haziak, Iratxe Ormatzaren Printzak Begietan, eta Martin Etxebarriaren Kangaroo.

Lurrean Haziak liburuaren kontraportadan hauxe irakurri dugu: Iraultza gatibu dago ezezagunen eskuetan, lagun bakarra Sayen maputxe machia duela. Bitartean, Lof Kidu Ngüenewün komunitatean ez dira lo geratzekoak. Zigor ez dago bakarrik, alboan du Nahuel bestengusua, bere kezketan lagun eta ezinegon berrien iturri. Ez dira, ez, Argentinan espero zituzten Aste Santuko oporrak, baina nork esan du hori txarra denik? Ez da inoiz asmatuko gure askatasun nahia giltzapetzeko bezain barrote esturik.

Iratxe Ormatzak Printzak Begietan lanean XX. mendean gertaturiko aldaketak bildu ditu: jendea lan bila etortzea, zinema eta bestelako asmakizunak, iraultza asmoak, gerra ankerra eta gerraoste luzea, txabolak, askatasun-ametsak berriro itzartzea… Bien bitartean gauza batzuk ez dira horrenbeste aldatu: pobreen zapalkuntza, euskararen gutxiespena, emakumeen azpiratzea… XX. mendeko hamarkada bakoitzari istorio bat sortu dio Iratxe Ormatzak, eta ipuin bakoitzean emakume baten bizipenak kontatu. Hamar emakume Bilboko kaleetan zehar, giro sozial, politiko eta kulturalak zeharkatzen dituela, minez eta pozez.

Martin Etxebarriak makina bat poema izkiriatu ditu Kangaroo izeneko lanean. Lehen orriotan  Cook kapitaina Australiara iritsi zeneko kondaira kontatu du. Hara heldu eta  jauzi handiak egiten zituen arratoi moduko animalia ikusi zuten eta hari seinalatuz, bertakoei galdetu zien piztiaren izenaz, eta hauek Kanghuru erantzun zuten. Horren ostean, hala ezagutzen dugu animalia hori, baina dirudienez, bertakoek, hango hizkuntzan, ez omen zieten animaliaren izena esan, baizik eta Ez dizut ulertzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button