IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da Dock Of The Bay 2019 jaialdia

Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiak bi film pantailaratuko ditu gaur: Rudeboy: A Story Of Trojan Records eta Basahaideak, biak ala biak Trueba aretoetan aurkeztuko dira, 19:30ean eta 21:15ean hurrenez hurren. Jaialdia larunbatera arte luzatuko da.

Rudeboy: A Story Of Trojan Records reggae eta dub soinuetan aitzindari den Trojan Records diskoetxeari buruzko filma da, Nicolas Jack Davies zinegile jamaikarrak 2018an filmatua. “Rudeboy Jamaikako eta Britainia Handiko gazte kultura elkar hartzearen sorburuei eta amodio historiari buruzko pelikula bat da. Film honek arakatu egiten du musikak duen ahalmena oztopo kulturalak behera botatzeko, bizitzak aldatzeko eta gizarte multikultural moderno bat ernalarazteko. Hori guztia historian izan den zigilu diskografiko ikonikoetako baten ikuspegitik”.

Basahaideak, berriz, Elsa Oliarj-inès zinegileak zuzendu du 2018an, eta Zuberoko  kantagintza tradizionala du ardatz. “Zuberoko gizon-emakumeek abestutako kantak dira, euskal kulturari, bertako musikari eta inguruko natura zoragarriari dioten betiereko maitasunaz hitz egiten digutenak”.

Bigarren film hori Sail Ofizialean lehiatuko da. Hala, Basahaideak filmarekin batera ondoko pelikulak pantailaratuko dira Sail Ofizialean: Milford Graves: Full Mantis (Jake Meginsky, Neil Young, AEB, 2018); Hello Hello Hello : Lee Ranaldo : Electric Trim (Fred Riedel, AEB, 2017); Lou (Usua Garin, Andrea Lopetegi Lopez, Izotz Barrio, Euskla Herria, 2018); Bixa Travesti (Claudia Priscilla, Kiko Goifman, Brasil, 2018); Cantares De Una Revolución (Ramón Lluís Bande, Espainia, 2018); La Estrella Errante (Alberto Gracia, Espainia, 2018); Els Ulls S’aturen De Créixer (Javier Tomas eta Garcia Lerin, Espainia, 2018); eta, azkenik, O Espírito De Pucho Boedo (Lois Patiño, Espainia, 2018).

Lehiaketatik at beste lan batzuk ere pantailaratuko dira, tartean, Chicho Sánchez Ferlosio kantautoreari buruzko Mientras El Cuerpo Aguante, Fernando Trueba zinegile espainiarrak filmatua, 1982an.

2019ko Dock Of The Bay Mintegia ere izango da, zeina Musika, irudia, kontakizuna lelopean garatuko den, ostegunean, Tabakalerako Z Aretoan, 16:30etik aurrera. Hauek izango dira parte-hartzaileak: Marla Jacarilla artista bisuala, Lois Patiño zinegilea, Eduardo Guillot zine aditua, Elena Setién musikaria eta Aarón Rodríguez irakaslea.

Azkenik, kontzertuak ere izango dira; esaterako, ostegun horretan, Dabadaba aretoan, The King Khan & BBQ Show izango dira, garage-punk kutsuko doinu melodikoak zabaltzen.

Informazio gehiago: dockofthebay.es.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button