ESZENA

Gaur, “Geltokia” koreografia Tolosan

X. Dantza Zirkuituaren barruan, gaur, urriak 24, Tolosako Leidor Antzokian eta 20:30ean, Aukeran Dantza Taldeak Geltokia koreografia eskainiko du.

“Zer daramat zorroan? Kaos txiki bat, haren legeak eta funtzioak. Lurra jo nahiz eta harri eginiko malkoak…. Halabeharra josten duen armiarma zaharra. Udaren azpikogona eta neguaren paparra. Nire hezurrak, nire makurrak, txorien uzta, zeruko hirusta. Amodioaren mozorro artean herri bat noraezean.
Zein ditu bide-horniak? Egiaren ardoa eta gezurraren mila mihiak. Maskorrak, belarra, hodeiak, hiztegiak. Ertzik gabeko urmaelak, lau haizeen lau hegalak. Inoiz luzatzen ez den pausoa, azala lardaskatzen didan soa, Erdi bi eginiko eraztun beata bere beste erdiaren bila. Bizitzaren gurpila, bizitzaren gurpila. Geltoki honetan erbestea hasten da: iheskorra denak betirako dirudi; betiko dena, ezereza”.

Aukeran Donostiako konpainia bat da, eta 1997. urtetik jatorriz tradizionala duten dantza ikuskizunak egiten ditu. Itxurazkoa dena desegituratu eta koreografietan dantza garaikideko kutsua gehitzen dute, euskal dantza tradizionalaren aberastasuna ahal den gehienetan erakusteko, eta hizkuntza freskoagoa eta egungoagoa lortzeko asmoz.

Ekimena Sareak antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin, eta urtarriletik abendura bitartean, 26 lan (60 emanaldi) eskainiko dira, EAEko 20 agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button