LITERATURA

Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu

Azkuna Zentroak aurtengo Gutun Zuria. Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia aurkeztu du gaur goizean. Apirilaren 2tik 6ra ospatuko da, eta “narratibatik harago doazen beste esparru literarioetara zabalduko da, hitza jarduera artistiko eta formatu desberdinekin harremanetan jarriz”.

Gutun Zuriaren edizio honetako titulua berezia da oso: Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Artea kontatzeko artea. Prentsaurrekoan azaldu den bezala, lehen esaldiak Aldous Huxleyren saiakerari egiten dio erreferentzia, “Huxleyk argudiatu baitzuen liburutegi bat erretzea alferrikako ekintza dela, liburuak berriz irakurri eta eduki ahal direlako”. Bigarren zatiak, berriz, Jose Lezama Lima poetak ahozko arteari buruz idatzitako testu bat du aipagai.

Jaialdiaren aurre-aurkezpen gisan, martxoaren 14an, Nunca Real / Siempre Verdadero (Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa) erakusketa inauguratuko da, Iván de la Nuez saiakeragilea, arte-kritikaria eta komisarioaren eskutik. Bertan artea genero literario modura, eta literatura erakusketa-proiektu gisa lantzen duten 13 artistaren lanak ikusiko dira.

Gutun Zuriaren aurtengo ekitaldian hainbat tailer gauzatuko dira; adibidez, Veronica Gerber Bicecci artistak Hitzak suntsitzea ederra da saioa zuzenduko du; Sorkuntza artistikoko tailer bat ere egongo da, Irudiak eta hitzak: Bestelako ikuspegia, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzenduta izango da.

Ohio den bezala, gaurko literatura garaikidearen erreferente diren hainbat idazle bilduko dira egun horietan Bilbon. Euskal literaturaren ordezkariak Harkaitz Cano, Xabier Gantzarain, Eric Dicharry, Danele Sarriugarte eta Beatriz Chivite izango dira, besteak beste. Maialen Lujanbio ere bertan izango da, apirilaren 2an, Jaialdiaren inauguraziorako egingo duen ekitaldian.

Joan Fontcuberta, Espainiako Argazkilaritza Saria; Cristina de Middle, Espainiako Argazkilaritza Saria eta Photo Españako komisarioa, eta Valérie Mréjen, Europako ikus-entzunezko adituen artean elkarrizketa bat ere antolatu dute.

Oskar Alegria, Bernardo Atxaga, Agustin Fernandez Mallo, Carlos Fonseca, Alicia Kopf, Juan Vico eta Enrique Vila-Matas idazleak oholtzara igoko dira ikusleen aurrean mintzatzera. Eta gauez, Atarian, Rafael Lechowski rap abeslariaren kontzertua ospatuko da. Eta Christina Rosenvinge abeslariak azken diskoa eta memoriak aurkeztuko ditu.

Hori eta askoz gehiago hemen kontsultatu ahal duzuen programazioan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button