ESZENA

Gaur egungo komunikatzeko tresnez eta hizkuntzaren balioaz

Bihar, otsailak 1, 17:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, Eidabe konpainiak  Zutuberrak antzezlana oholtzaratuko du. Testua eta zuzendaritza Galder Perezena da, eta bertan jarduten dutenak Olatz Pagalday eta Jon Zubiaga aktoreak dira.

Zutuberrak haur eta gazteei zuzendutako antzezlana da. Gogoko dituzten osagaiez baliatuta (Internet, YouTube, rapa, irudiak…), euskararen gaineko hausnarketa egingo da. Zergatik ez dugu euskaraz egiten? Gure hizkuntzak ematen ez digun zer ematen digute erdarek, bada? Zer gertatuko litzateke hizkuntzarik izango ez bagenu?

Lanaren korapiloa honakoa duzue: Bits eta Gor gazte alai eta aktiboak dira. Gaur, txip aldaketan jolasten ariko dira: robotak balira bezala, burmuinean txip berria sartzen, bakoitzak bere gogoko dohaia aukeratzeko. Gorrek indarra hautatuko du. Bitsek, aldiz, hitzak aukeratuko ditu, eta, hitzei esker, trebetasun handia izango du rap kantari gisa. Ondorioz, sekulako arrakasta izango du sarean, YouTuben. Gorrek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bitsi. Orain ezingo du rapeatu, hitzik gabe galduta dago. Zer gertatuko litzateke hizkuntza ezabatuko baligute?

Zutuberrak antzezlanarekin “haur, gazte, irakasle, guraso eta edozein euskaltzalek izango du hausnartzeko aukera; euskararen erabileraz, gaur egungo komunikatzeko tresnez eta hizkuntzaren balioaz gogoeta egingo da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button