IKUS-ENTZUN

Gaur, “Dantza” filmaren aurre-estreinaldia Durangon

Telmo Esnal zuzendaria eta Juan Antonio Urbeltz Dantza filmaren aurkezpen eta solasaldirako bilduko dira gaur, Durangon. Izan ere, Durangoko Zugaza Zineman, 20:30ean aurre estreinatuko da aipaturiko lana. Filma 2018ko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko hautagai izan zen, eta Greenpeacek emandako Lurra Saria irabazi zuen.

Dantza filmak dantza tradizionalen unibertso hipnotikoa irudikatzen du. Telmo Esnalek zuzenduta, Txintxua Filmsek ekoitzita, eta Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zaragozan grabaturiko filma, zinematan estreinatuko da datorren abenduaren 21ean, Bteam Pictures-en eskutik.

250 dantzari baino gehiagok parte hartu duten tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Asmo handiko sormen-apustu handia egin du zinemagileak film horretan; Koldobika Jauregi artistak zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristak izan du koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna.

Gaurko emanaldiaz gain, abenduaren 8an, Durangoko Azokaren programazio barruan, mahai inguru bat antolatu da Telmo Esnal zuzendaria, Juan Antonio Urbeltz koreografoa eta Iñaki Arregi dantza maisua partaideekin.  Gerediagako Antzoki Nagusian izango da 15:00etatik 15:30etara. Egun berean, Irudienea gunean, 19:00etan, Dantza Urratsak-en lehen pieza proiektatuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button