BERTSOTAN

Gaur, “Bertsoaroa 2018” programaren lehenengo bertso-saioa

Iruñeko aurtengo Bertsoaroak zazpi saio antolatu ditu azaroaren 8tik 27ra. Punta-puntako bertsolarien jarduna, bertsolarien belaunaldi gazteen saioa, ikus-entzunezkoak, emanaldiak eta haurrendako antzerki-saiok programatu dira.

Lehenengo bertso-saioa gaur izango da, azaroaren 8an, Plazako Institutuko Areto Nagusian. Bertan, 20:00etan, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Julen Zelaieta bilduko dira. Bertsolari nafarrekin batera, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko bertsolariak izango dira Bertsoaroaren lehenengo saioan. Horietako bostek iazko Bertsolari Txapelketa Nagusian hartu zuten parte, eta bik finalean kantatu zuten. Seigarrena Nafarroako txapelduna izana da.

Larunbatean izango da bigarren zita Sanduzelaiko Civivoxeko Aretoa Haur Bertsoaroa bertso-antzerkiarekin. “Gaztetxo asko etortzen dira Euskal Herrira, beren familiekin, bizi berri bat hastera. Bertako eskolan, koadrilan integratzeko bidea ez da beti erraza izaten, ez eta bertakoentzat haien esperientzian barneratzea ere. Honako hau, horietako gaztetxo baten istorioa da, Laida errumaniarrarena. Umorearen, bertsoen, antzerkiaren eta musikaren laguntza eta denon partehartzearekin dena errazagoa izango da Laidarentzat”.

Azaroaren 13an, 19:00etan eta Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioan, Parrapean saioa. “Violeta eta Nicanor neba-arrebak. Baten kantuez eta bestearen poemez osatutako errezitala da Parrapean”. Bertan Ane Garcia (hotsa, gitarra, ukelelea), Itziar Castrillo (Saxoa), Gotzon Barandiaran (ahotsa, ukelelea) eta Josu Landa (ahotsa) bilduko dira.

Azaroaren 15ean, 19:00etan eta Civivox Iturraman, bertsoa eta zientzia batuko dira Jakinduriek mundue erreko dau ekitaldiarekin.  Arituko diren bertsolariak Julio Soto eta Jone Uria dira eta eurekin batera, Joseba Aldasoro, Karmele Gomez eta Marko Galarza zientzialariak juntatuko dira. Azaroaren 20an, Gazteen bertso jaialdia antolatu da Civivox Kondestableko patioan Idoia Granizo, Irati Alcantarrila, Joanes Illarregi, Txaber Altube, Xabat Illarregi, eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin. Azaroaren 22an, Civivox Iturraman, Bertsolaritza eta rocka gaia jorratuko dute Alberto Irazuk eta Jon Maiak

Bertsoaroari amaiera biribila emango dion azken saioa, azaroaren 27an izango da, Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusian. Hantxe Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Unai Agirrek kantatuko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button