IKUS-ENTZUN

Gaur berton abiatuko da Zinegoak jaialdia

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans 15. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, otsailaren 19tik martxoaren 4ra bitartean luzatuko da aurten. Gaur, ezberdintasunaren naturaltasuna, transbersalitatea, estereotipoetatik kanpo dagoena, eta aniztasuna aldarrikatzeko helburuz abiatuko den zinemaldiaren inaugurazioan, Émilie Jouvet zinegile frantsesa sarituko dute. Jouvetek Zinegoakeko Inaugurazio Ekitaldian jasoko du, Ohorezko Saria, 20:00etan, Arriaga Antzokian.

Jouvet Pariseko Arte Ederretako Eskola Nazionalean egin zituen ikasketak, eta argazkilari eta zuzendari modura egin du lan. Bere lanetan sexu askatasuna eta aniztasuna aldarrikatzen ditu. Bereak dira: One Night Stand, Too much Pussy!, Aria, eta My body my rules.  Zinegoaken bere azken lan biak, My body my rules eta Too much pussy ikusteko aukera paregabea izango da.

Jaialdia bi astez luzatuko da aurten ere. Lehenengo astean hautaturiko obra guztiak pantailaratuko dira (Golem, Bilborock, eta BilbaoArte), eta jaialdiaren erdigunea izango da, makina bat kontu bilduko baitira bertan. Bigarren astean, ostera, filmen bigarren pasea egingo da eta debaldeko jarduera osagarri asko etorriko dira (Bilborock aretoan egingo dira), hala nola, zinema klasikoa, memoria historikoari buruzko topaketa, pinkwashing delakoaren gaineko hitzaldia, eta abar.

Jaialdiak 135 jarduera bilduko ditu osotara, 20 fikziozko film, 13 dokumental, eta bestelako proposamenak ere (antzerkia, jaiak, hitzaldiak,…) Aurtengo programazioan mundu mailako bi estrainaldi pantailaratuko dira. Lazaro Louzaok eginiko Nove de Novembro, galegoz sorturiko lehen LGTB filma, eta Alba Barbe i Serrak zuzenduriko Enfemme lana, crossdressing mundu ezagunaz jarduten duena.
Haurtzaro eta nerabezaroaren gaia ere presente egongo da trans errealitatearekin lotuta. Euskal begiradak izeneko saila ere atondu dute. Hortxe, bertoko zuzendariek landutako sei film pantailaratuko dira: Euritan, Zarpazo, Homoamak, Beti bezperako koplak, Tarde para el recreo, eta La petite mort izenekoak.

Zinegoak  3, 2, 1… Zinegoak! atalarekin hasiko da otsailaren 14an. Guggenheim Museoko auditorioan, Hockney lanaren proiekzioa antolatu da, baina lau egunetan hainbat jarduera (hitzaldiak, filmak, kontzertuak,…) ere antolatuko dira elkarte, erakunde eta mugimendu ezberdinekin.

Azkenik, martxoren 2tik apirilaren 11ra bitartean, Zinegoak hedapena ekimena abiaraziko dute. Aurten Euskal Herriko 40 udalerritara helduko dira filmak, eta 50 proiekzio gauzatuko dira.

Jaialdi erraldoiaren inguruko xehetasun guztiak (tokiak, prezioak, saioak, filmak, eta abar), hemen begiratu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button