Nontzeberri

Gaur berriro dena eta gaur dena berriro

Juan Sukilbide artistak Gaur berriro dena erakusketa inauguratuko du gaur berton, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan. Juan Sukilbide margolari nafarraren lanak otsailera bitartean erakutsiko dira bertan.

Elkargotik honako testua bidali digute, erakusketa zertan den argigarri izango delakoan: “Ekosistema baten moduan, zeinean elementu bakoitza garrantzitsua den eta, lehenago edo geroago, funtsezkoa komunitate naturalean. Zeinean denek egon behar duten, batzuen eta besteen artean eusten diotelako elkarri inguru komunean, hemen pinturaren ageriko azaleran. (…) Hariak, albainuak, arrastoak, aztarnak, zantzuak, lorratzak… konektatzen. Sareek, oso mehe baina erresistentzia handiko, ehun oxigenatzailea eratzen dute.
Berriagoak ote dira argiak eta biziak?
Objektuen eta sinboloen aniztasunak eta balioaniztasunak gonbidatzen dute parte hartzera. Komunikaziorako prestatutako egiturek txertatze-espazioak sortzen dituzte, irudiak, inklusioko kodeak diren piktogramak.
Figura jariakorrak, oinarrizko marrazkikoak, malguak, diruditen horixe eta erraztasunez bihurtzera irits daitezkeen izakien multzo oparoa irudikatzen dute.
Batetik bestera argizko gune funtsezko hori, sortzaile etenik gabea, eskaintzaile eta aldatzen ari dena. Istorioetara emana, hala minimoak, nola egunerokoak, berebizikoak edo epikoak… beren agertokietan.
Gaur berriro dena. Gaur dena berriro. Ez besterik gabe posible delako, ezpada benetan gertatzen delako, munduan zehar, egun batean. Historia Unibertsala Gaur”.

Juan Sukilbide margolari nafarraren gaineko informazioa, bere web-orrian topatuko duzue.

Exit mobile version