ARTEA

Getxoko Komiki Azokaren edizio berria, urriaren 19tik 21era

Bineten munduaren zaleentzako derrigorrezko topalekua den Getxoko Komiki Azokak bere 17.edizioa jarriko du martxan urriaren 19tik 21era. Edizio honek Nazario komikigile eta margolaria eta Gasteizko Zuloa liburu-denda omenduko ditu, komikiaren munduan egindako lanagatik. Aurtengo kartela, Raquél Córcoles artistak egin du, ‘Moderna de Pueblo’ pertsonaia ospetsuaren sortzaileak.

Bi gune izango ditu azokak. Areetako geltokiko plazako karpan liburu-denda, argitaletxeak, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira. Bertan zaleek azken nobedadeak eta sailak osatu ahal izango dituzte, baita komiki zaharrak, bildumagile-produktuak eta era guztietako merchandising-produktuak eskuratu ere.

Eta Romoko Kultur Etxean fanzine-gunea eta  nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak izango dira, besteak beste.

Eta ohi denez, artista ospetsuek ere bisitatuko dute Getxo, horietako batzuk nazioartean sona handia dutenak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute. Sinadura-saioak ere egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Aurtengo omenduei dagokionez, Nazario komikigile eta margolaria Espainiako kontrakultura-komikiaren erreferentzietako bat da. Bartzelonan hasi zuen komiki undergroundaren ibilbidea 70.hamarkadan eta Mariscal, Farry eta Pepiche artistekin elkarlanean, El Rrollo taldearekin “San Reprimonio”, “Sábado sabadete” eta “Purita” obra ezagunak argitaratu zituen. 80.hamarkadan, El Víbora aldizkariarekin elkarlanean hasi eta bere komiki gehienak, ‘Anarcoma’ adibidez, bertan kaleratu zituen.  Azaar, It, Actuel, Oz, Frigidaire, Gai Pied, L’Écho des Savanes Europako aldizkarietan ere kolaboratu zuen. Baina bere lan gorenetzat jotzen den ‘Alí Babá y los 40 maricones’, Makoki aldizkariarekin  elkarlanean eman zuen ezagutzera.

Horrez gain, Gasteizko Zuloa liburu denda ere omenduko du, haren ibilbideagatik eta komikiaren mundua zabaltzeko egindako lanagatik. 1987an zabaldu zenetik, hiriko eta Gasteiztik kanpoko proposamen kultural ezberdinek izan dute bertan leku, kultur erreferentzia bat bihurtuz. “Liburu-denda soil baten kontzeptutik haratago, ideal berri baten errealitate bihurtu da”, esaten dute “Txintxu” San Martín eta Sara Elías jabeek. Komiki-munduan espezializatuta, hainbat sari eskuratu ditu, bai duen eskaintzagatik bai bertan egiten diren jarduerengatik.  Izan ere, erakusketak eta komikien, liburuen eta diskoen aurkezpenak antolatzen dira bertan, besteak beste. Sarien artean aipatzeko, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1989an emandakoa, Kultur Hedapenerako Lan Onenari eta Eusko Jaurlaritzaren Hiri-inguruneak Dinamizatzearen 2015 Saria.

Bestalde, azokaren kartela Raquél Córcoles (Reus, 1985) artistak egin du ‘Moderna del Pueblo’ pertsonaiaren sortzaileak.  El Jueves aldizkarian, eta Cuore, GQ eta El Pais argitalpenekin elkarlanean kimikiak argitaratzen ditu.

Urriaren 19tik 21era hortaz, komiki zaleen ezinbesteko hitzordua Getxon.

http://www.salondelcomicdegetxo.net/index.asp

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button