MUSIKA

Gaur abiatuko da “Musika Bizian” jaialdia, luxuzko folk-rock musikaz gozatzeko hitzordua

Estatu gabeko nazio txikien kulturaz eta luxuzko folk-rock musikaz gozatzeko hitzordu paregabea izango da gaurtik hasita asteburu osoan  Galdakaon, Musika Bizian jaialdiaren eskutik.

Musikaren  epizentroa Iturriondo Plaza izango da. Bertan, Euskal Herriko ordezkaritzan izango diren Modus Operandi eta Alboka talde mitikoarekin batera, aurtengo luxuzko kartela osatzen duten Europako talde gonbidatuak igoko dira oholtzara: Skipinnish (Eskozia); Baldrs Draumar (Frisia) eta Mec Lir (Man Uhartea). Gainera, Galiziako Xistra de Coruxo taldeak, eta bertoko Taberna Ibiltaria eta Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ere, kalez kale ibiliko dira jaialdiko arratsaldeak girotzen, bertaratzen direnei kanturako eta dantzarako gonbitea eginez.

Gaurko musika hitzordu nagusia hortaz, gaueko 21:00etan da. Man Uharteko Tomas Callister biolin jotzailea buru dela, Mec Lir taldearen erritmo zelta dantzagarriek irekiko dute gaueko ekitaldi nagusia, dantza eta dibertsiorako proposamen bikaina. Man Uhartea modu independientean gobernatua dagoen  nazioa da, Eskozia, Ingalaterra, Gales eta Irlandako Itsasoaren erdian dagoena.

Eta ondoren, Alan Griffin eta Joxan Goikoetxeak duela 25 urte sortutako euskal folkaren talde aitzindariak  gure gureak diren erromantze tradizionaletan oinarritutako melodiak eguneratuz sortu berri dituzten beste batzuk eskainiko dituzte, Lurra Ur Haize (2017) euren azken diskoko melodiak, hain zuzen. Euskal musika herrikoiari leial eta albokaren soinua oinarri.
Hala ere, gaueko kontzerturako motorrak berotzeko, kale animaziorik ez da faltako eta Taberna Ibiltaria arduratuko da 19:00etatik aurrera kaleak musikaz girotzen.

Larunbatean aldiz, eguerditik aurrera, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Hasteko, Musika Bizian jaialdiaren berrikuntza bat: jaialdiaren jarduera paraleloetan ondu duten, Luthier Azoka handia. Bertan, musika-tresna tradizionalen fabrikazioan espezializatuta dauden hainbat lekuetatik etorritako artisauen erakusketa ederra antolatu da.

Gainera, azokan bertan, Okzitania, Sardinia, Galizia eta Euskal Herriko taldeen hainbat emanaldi ondu dituzte, musika-tresna tradizionalen fabrikazioan espezializatuta dauden luthierren erakusketak eta umeentzako tailerrak girotuko dituztenak. Hala, hamar minutu inguruko kontzertu txikiak  emango dituzte, fabrikatzen dituzten musika-tresnak jotzeko eta horien soinu propioak erakusteko: Landetako kornamusa, Sardiniako klarinete hirukoitza edo zanfona, albokekin, txalapartekin, panderoekin, txistuekin, danborrekin, adarrekin… batera. Ez da faltako berrerabilitako materialarekin egindako musika-tresnak ere. 19:00etan gainera, kalez kale ibiliko da Xistra de Coruxo galiziar taldea ere.

Eta gaueko kontzertuko protagonistak, Eskoziatik datozen Skipinnish taldea, herrialde hartako melodia tradizionalak atsegin dituztenak asebeteko ditu; Baldrs Draumar, Herbehereetako Frisia probintziako hizkuntzan abesten dituen viking metal taldearen formatu akustikoa; eta Euskal Herriko ordezkaritza bat: Modus Operandi, Iñaki Ortiz de Villalbak Beta, Betagarri talde gasteiztar historikoaren sortzaileetako batek, bultzatutako egitasmoa da.

Folk musikaz blai izango da beraz Galdakao, Musika Bizian Jaialdiaren eskutik asteburu osoan, hitzordu ederra planak egiteko.

Informazio gehiago, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button