Nontzeberri

Gaur abiatuko da Bilbon “Zirkualde” jaialdia

Gaur eta bihar, irailaren 15ean eta 16an, Bilboko Udalak antolatzen duen Zirkualde Zirku Jaialdia Bilboko Errekalde auzora helduko da. Hala, egun bi horietan, 18:00etan eta 19:30ean, Malas Compañias, Circo Deriva, Edu Manazas eta Berdinki Zirkoa arituko dira Errekaldeko plazan.

Gaur berton abiatuko da ekimena Malas Compañias taldeak antzeztuko duen Prozak lanarekin. Lan honetan, artistek egoera zentzugabeen unibertso batean murgiltzen dituzte ikusleak, batere konbentzionala ez den familia baten bidez, alde gizatiarrena barrez eta emozioz lotuz. Horren ostean, Circo Deriva taldeak Ya es tiempo de hablar del amor lana aurkeztuko du. Umorearen, musikaren, malabarren, akrobazien eta gainezka egiten duen zirku-poetika baten bidez, ikuskizun barre-eragilea eta hunkigarria sortzea lortuko dute publiko guztientzat.

Biharko saioak, irailak 16, honakoak dira: Edu Manazasek ametsei, itxaropenei, ilusioei, bizitzari, bizitzeari edo jokoari buruz hitz egiten duen Fuera de stock ikuskizuna eskainiko du. Geroago, Berdinki Zirkoak Mikra ikusgarria egingo du. Koldo Arakistain zarauztarrak eta Irati Gonzalez Jaimerena irundarrak osatzen dute Berdinki taldea. Joan den igandean estreinatu zuten Mikra beren lehen lana Hendaian. Lantaldean Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias antzerkigileak, Ane Arruti musikaria eta Eider Goiburu daude.

Garai hauek agintzen duten bezala, osasun-protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan.