BESTELAKOAK

Gaur abiatuko da Bilblogari 2011 blog lehiaketa

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko Sabin Anuzitak eta nontzeberri.com kultura atariko Juanra Madariagak, Bilblogari euskarazko blogen lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute.

Ekimenaren helburua, euskararen erabilera Interneten eta euskarri digitaletan indartzea da. Horrela bada, 15 eta 30 urte bitarteko Bilboko gazte euskaldunek euren bitakora zibernetikoa euskaraz sortu gura izanez gero, euren lana sarituta edukitzeko aukera izango dute.

“Lehen urtean ez genekien nola gauzatuko zen lehiaketa, baina argi dago zerbait interesantea dela, izan ere joan den urtean bikoiztu zen parte-hartzea, eta gero eta ikasle eta ikastola gehiagok hartzen du parte internet, ordenagailuak, gazteak eta euskara uztartzen dituen lehiaketa honetan”, adierazi du Nontzeberriko kudeatzaileak. “Gero eta euskaraz egindako blog gehiago aurki daitezke sarean, eta nontzeberrik nontzeblogosfera izeneko atala abiatu du guztiak biltzeko, eta ideia berberetik sortu da lehiaketa hau” gaineratu du geroago.

Hori kontuan izanda, Euskara Sailak eta Nontzeberri euskararen erabilera komunikazio tresna berritzaile honetan sustatzeko ahalegina egin nahi dute berriro.

Parte hartzeko, www.bilblogari.net webgunean dagoen izen-emate orrian eskatzen diren datuak beteko dira eta bloga deskribatuko duen irudi adierazgarri bat. Behin hori eginda, internauta lehiakide eta sarigai bihurtuko da, eta beste internauten askorentzat gozagarri, bere post-ak irakurri ahalko direlako. Baldintza bakarrak izango dira egilea bilbotarra izatea edo harreman berezi bat gordetzea Bilborekin, eta blogari bizia ematea erakargarriago bilakatzeko.

Lehiaketan honako irizpide hauek baloratuko dira: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna. Azken irizpide horren harira, blog originalenak ere bere sari berezia izango du. Ezin izango da beste blog batetik kopiarik egin, eta post iraingarririk edota kaltegarririk egonez gero blog hori ez da onartuko. Hemen euskara eta gazteen freskotasuna nahi da erakutsi.

Aipaturiko webgunean baseak, sariak, izen-ematea, parte-hartzaile guztien blogak eta ekimenaren blog partikularra ere egongo dira. Azken blog horretan, iristen diren parte-hartzaileen gaineko datuak emango dira, trukuak jarriko dira, blogak sortzeko plataformak daude ikusgai, eta abar.

Gaurtik azaroaren 21era bitartean luzatuko da lehiaketa eta gero, epaimahaikideen lana etorriko da. Blogosferan aditu diren bi pertsonak arduratuko dira lan horretaz.

Sari banaketarekin batera saio bat egongo da off-line (hitzaldia edo mintegi txiki bat) non aditu hauek blogintzari buruzko datu interesgarriak agertuko dituzten.

Gazteek euren kezkak, ardurak, iritziak, ekimenak, zaletasunak eta nahiak iragartzeko espazioa Bilblogari 2011 lehiaketa izango da.

Blogeroa bazara parte hartu!!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button