ARTEA

Gaudiren zehaztasuna jasotzen duen argazki erakusketa ikusgai, Donostia Kutxa Kulturgunean

Gaudi Inpresio intimoak izenburua jarri dio Aitor Ortiz argazkilariak Antoni Gaudi arkitekto katalanak diseinaturiko eraikinei eginiko 120 argazkiz osatzen den erakusketari.

Donostiako Kutxa Kulturgunean, datorren otsailaren 16ra bitarte, erakusketaz gain, bestelako jarduera paraleloak ere ondu dituzte erakusketaren harira: bisita gidatuak, hitzaldiak, familientzako tailerrak edota ikastetxe eta taldeentzako jarduerak. Gainera, erakusketako argazkiak jasotzen dituen katalogoa ere argitaratu du, dagoeneko salgai dagoena.

Aipatu bezala, erakusketak arkitekto katalanak diseinaturiko eraikinak ditu ardatz, horien artean, Casa Milá, Sagrada Familia, Casa Batlló, Parc Güell, Torre Bellesguard, Palau Güell, Casa Vicens, Casa Calvet, Güell pabilloilak, Güell koloniako kripta edota Sagrada Familiako maketa-lantegia.  Hala, espazio arkitektonikoaren jeinu izan zen Antoni Gaudiren arkitekturari buruzko proiektu honetan, eraikinen handitasunetik xehetasunen diseinua maisuki erabiltzen zuen diseinatzaile bati zuzentzen dio Aitor Ortizek bere begirada.

Hala ere, Gaudiren lan arkitektonikoari irudiak hartzeak  Aitor Ortizek  bere izaera artistikoari eusten dio eta eraikin ikusgarrien kromatismoa bere horretan mantenduz, beste Gaudi bat erakusten digu, “oharkabekoagoa, sotilagoa eta delikatuagoa, zehaztasunarekin harremanetan jartzen duena”, azaldu du Javier Gonzalez de Durana erakusketaren komisarioak.

Gaur egungo arkitektura-egitura handi eta konplexuen argazkiak egiten espezializatua da Ortiz eta bere begirunetik eta miresmenetik, “argazkilariak elkarrizketa adeitsu eta goxoa ezartzen du arkitektoarekin, solasaldi horretan bakoitza bere sorkuntza-hizkuntzatik mintzatuz bisitariari, batak bestea indartzen duelarik”, gaineratu du Gonzalez de Duranak.

Aitor Ortiz (Bilbo, 1971) 1995. urteaz geroztik arkitekturaren argazkilaritza landu du. Espazioarekin, arkitekturarekin eta objektuarekin egiten du lan, eta bertatik abiatuta, hainbat inkognita bisual eta kognitibo planteatzen dizkigu. Haren lana bakarka  jarri izan da ikusgai Nafarroako Unibertsitateko Museoan (Iruñea, 2018), Le Centquatren (Paris, 2015), Canal de Isabel II-n (Madril, 2013) eta Fotografiska, The Swedish Museum of Photography-n (Stockholm, 2011). Eta bere lanak ikusgai daude, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalean, Guggenheim Bilbao Museoan edota La Caixa Fundazioko Arte Garaikideren Bilduman, besteak beste.

Informazio gehiagorako joan Kutxa Kultur artegunearen web orrialdera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu