Nontzeberri

“Gau Zuria”, esperientzia sentsoriala

Bilbok bere 718. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta hori dela eta, ekainaren 15 eta 16an Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Gau Zuria egingo da. Aurten gau bakarra barik, bi gauez luzatuko da.

Aipaturiko bi egun horietan antzerkia, musika, bideo mapping-ak, argi eta soinu ikuskizunak eta esperientzia sentsorialak izango dira hiriko bazterretan, “zentzumen guztiak erne-erne izatea eskatuko duen ibilbide plazergarri batean barrena”.

Gau Zuria ekitaldiaren bi gau horietan astia izango da “ehun urte bete dituzten Euskaltzaindia eta Indautxuko eskolak omentzeko beren egoitzetan, eta orobat aukera izango da argazkiak egiteko, atseden hartzeko eta solastatzeko, Bilboko Unibertsoraino bidaiatzeko edo Uribitartetik paseatzeko Antzinako Greziatik Bilbora etorritako lanpadoforoekin batera”.

Ekimenerako programatu diren ekitaldi asko erabat interaktiboak dira, biztanle eta bisitarien partaidetza oinarrizkoa baita, eta horiek prest egon beharko dira esperientzia desberdin, berezi eta parte-hartzaile hauek partekatzeko. Hala, txori eta lore ikaragarri handiak, argi konstelazioak eta oihartzun interaktibozko jolasak, txotxongilo erraldoiak… horiek guztiak izango ditugu ikusgai ekainaren 15 eta 16ko gau magikoetan.

Gau Zuriari buruzko informazio guztia eskura daukazue www.bilbao700.eus web orrian.

Exit mobile version