MUSIKA

Gau berezia izango da

Berri Txarrak taldeak uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin antolatzen ari den Berri Txarrak Lagunartean izeneko kontzertuari buruzko hainbat datu eman ditu gaur goizean prentsaurrekoan.

“2019an Euskal Herrian eman beharreko kontzertu guztietarako sarrerak ordu gutxitan agortu zirela kontuan hartuta, inor kanpoan utzi nahi ez lukeen emanaldia antolatu behar genuela erabaki genuen. Ahalik eta lagun gehienei eskaini gura baitiegu Berri Txarrak zuzenean ikusentzuteko aukera. Horrez gain, 25 urteko ibilbidearen ostean, 1100 kontzertutik gora eta gero, ez-ohiko emanaldia izan behar duela ondorioztatu genuen, orain arteko guztietatik apartekoa. Ospakizun kontzertu konpartitu bat. Helburu hori lortzeko miresten ditugun musikariekin antolatu dugu Berri Txarrak Lagunartean kontzertutzarra”

Berri Txarrak taldeko kideek agertokian izango dituzten lagunen izenak haizatu dituzte geroago:  El Drogas, Leire Iseo, David Ruiz (La MO.D.A.), Aiora Renteria (Zea Mays) eta Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Anai Arrebak, Naizroxa, Sega Sound Killers). “Guztiak dira miresten ditugun artistak, guretzat erreferenteak direnak, eta askotan elkarrekin izan gara makina bat kontzertutan” esan du Gorka Urbizuk. “Hala ere, gonbidatuen zerrenda osatzen ari gara, oraindik ez dago itxita, eta seguruenik beste hamar izen sar daitezke geroago” zehaztu du.

Laster AEB eta Mexikon birari ekingo diote, eta irailean Europan barrean ibiliko dira. Azaroan Iruñeko Navarra Arenan eskainiko dituen azken bi emanaldiez gain, Kobetamendikoa Euskal Herrian ikusteko aukera bakarra izango da, eta “ilusioz beterik gaude”.

Gau berezi hori borobiltzeko eskaintza kultural oparoa ere biltzen ari dira jo eta su, eta “Ahotsenearen zati bat” eroango dute hara gora, eta “adin guztietako zaleentzako egitaraua osatu asmo dugu, kultur adierazpide askotako eskaintza izan dadin ahaleginduko gara, zeinetan musika emanaldi laburrak, kale antzerkia, zirkoa, bertso-saioak edota dantza emanaldiak ikus-entzun ahal izango diren” esan du Urbizuk.

“Gau berezia izatea nahi dugu” esan dute Berri Txarrak taldeko kideek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button