LITERATURA

Gaztetxoentzako liburu sorta argitaratu du Elkar argitaletxeak

Zortzitik hamabi urte bitarteko gaztetxoei zuzenduriko lau liburu argitaratu ditu Elkar argitaletxeak: Motozerra (Xabier Mendiguren Elizegi); Irribarrea zabaltzeko ipuinak (Juan Kruz Igerabide); Zabaleko txorimaloa (Juan Luis Zabala), eta Mikel Zarate Saria jaso duen Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da. Laurak Xaguxar atalekoak dira.

Xabier Mendiguren Elizegik idatziriko Motozerra 12 urtetik gorakoentzako kontakizuna da eta autoa matxuratu zaien bikote baten istorioa kontatzen du. “Autoa matxuratu egin da, eta laguntza bila irten behar dute. Ez dago bizi-arrastorik, ez bidean, ez inguruan. Ibiltzen hasi, eta etxe bat sumatzen dute urrunean: etxe zahar, porrokatu bat; bertara jo eta atea irekitzen diena, berriz, gizon zatar, baldar, begibakar bat…”. Ilustrazioak Aitziber Akerretak egin ditu.

Juan Kruz Igerabideren Irribarrea zabaltzeko ipuinak, berriz, 8 urtetik gorakoentzat dira. Irribarrea zabaltzeko ipuinak dira, eta horiekin lortzen diren idazle-irabaziak Etiopiako haurrei laguntzeko izango dira, Etiopia-Utopia erakundearen bidez. Narrazioeni ilustrazioez Jokin Mitxelena arduratu da.

Juan Luis Zabalaren Zabaleko txorimaloa liburuaren ilustrazioak halaber, Maite Gurrutxagak egin ditu. Iker mutiko lotsati eta bakartiaren gora beherak ditu ardatz liburuak: “Amak lan egin behar duela-eta, egunero berak bakarrik joan behar du etxetik eskolara. Bidean dago Zabale baserria, eta bertan txorimalo bat. Haren ondoan esertzeko ohitura hartuko du, eta hari kontatzeko bere kezka…”. Sentiberatasunez beteriko istorioa kontatzen du Zabalak.

Azkenik, Mikel Zarate Saria jaso duen Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da lanak umorea eta abenturak uztartzen ditu, guztia Patxi Gallegoren marrazkiekin jantzita. “Elenek hamaika urte ditu, biolina jotzen duen nobio makarra bat, eta neba jaioberri bat: Xabat. Parkera edo kalera ateratzen direnean, jende guztiak egiten dio kasu niniari, amari, Eleneri… baina inork ez du ikusten aita: ikusezina bihurtu ote da?”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button