ARTEA

Gatazkaren esanahiaz gogoeta, aurten Getxophoton

Bihar, hilak 5, abiatuko da Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiaren aurtengo edizioa. Gatazkaren esanahiaz gogoeta egingo da 12. edizio honetan, eta gatazka-osteko garaietan eta elkarrizketaren berreraiketan jarriko du fokua. Era honetan diskurtso hautsien berreraiketa eta gero sortzen diren aukera, egoera, eta harreman berrietan  jarriko zaio arreta.

Urriaren 5era arte Getxon egingo den ekimen honek beste behin ere istorio ezberdinak esploratu eta esperimentatzeko gonbitea luzatzen digu erakusketa konbentzionaletatik urrunduz, irudien ez-ohiko  formatu eta erakusleihoen bitartez. Ekimen honen ezaugarri nagusia  espazio publikoaren erabilpena bada ere, aurten  batez ere erabilpen hau erreibindikatu nahi izango da.  Era honetan, antolatutako ekimen nagusienak  kanpoaldean egingo dira.

Aurtengo argazkiek Ereaga eta Portu Zaharraren inguruak ez ezik, Algortako herri erdigunea ere jantziko dute. Erresuma Batua, Japonia, Iran, Singapur, Estatu Batuak edo Espainiako 23 egileren lanak, indibidualak zein kolektiboak izango dira guztira gozagai, eta horien artean ditugu Luca Locatelli, Zanele Muholi, Yoshinori Mizutani, Gohar Dashti, Markel Redondo edo Julián Barón, besteak beste.

Gatazka-osteko garaiak eta elkarrizketaren berreraiketa izanik aurtengo gaiaren xede irudiek mota guztietako gatazkak bistaratzen dituzte, ekologikoak izan, politikoak, teknologikoak edota gizakion gatazka humanoak.

Programazio artistikoa, aurten ere, Londresen bizi den Monica Allende komisarioak egin du. Bilbotarra jaiotzez, Sunday Times Magazine aldizkarian editore grafiko gisa aritutakoa da eta World Press Photo Nazioarteko argazki lehiaketa prestigiotsuan epaile ibilitakoa da.

Informazio gehiago: https://www.getxophoto.com/eu/2018ko-edizioa/comisaria/4342-2/

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button