LITERATURA

Literaturia datorren astean abiatuko da

Gaur goizean, Bilboko kafe Antzokian bildu dira hainbat kide (Oier Gillan, Rafa Rueda, 111 Akademiako eta EHAZEko kideak,…) ekainaren 1etik 3ra Larrabetzun egingo den Literaturia ekimena aurkezteko.

Beste urteetan egin den moduan liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, poesia errezitaldiak, antzerki piezak eta musika kontzertuak egingo dira Bizkaiko herrian aipaturiko hiru egun horietan, eta guztiak Lauaxetaren gabardinapean.


Hala, maiatzaren 31n, 19:30ean, Durangoko Azokak antolatutako Askara-ko gogoeta zikloa abiatuko da. Eztabaidatzeko gaia hau izango da: Zergatik ez da ikusgarria euskal kultura hedabideetan? Bertaratuko direnak, Ander Iturriotz, Lorea Agirre eta Imanol Ubeda, eta moderatzaile Alberto Barandiaran ibiliko da.

Ekainaren 1eko une potentea, 22:00etan izango da, Lauaxeta: Ez zuten poeta fusilatu izeneko ikusgarriarekin. Gari, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Diez, Xabier Montoia, Anje Duhalde, Xabi Strubell eta Pettik hartuko dute parte eta Ane Zabala, Goizalde Landabaso eta Edorta Jimenez testuak irakurtzen arituko dira.

Ekainaren 2an, goizean, Euskal Herriko irakurle taldeen arteko mahai-inguru irekia izango da 111 Akademiaren gidaritzapean: Nork erakusten digu zer irakurri? Zeren arabera hautatzen ditugu liburuak? izango da aztertuko duten gaia. Gauean, EH3 kolektiboak, Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra liburuko letrekin osatutako emanaldia egingo du.

Azken egunean, ekainak 3, goizean, mahai-ingurua izango da EIZIE itzultzaileen elkartearen eskutik Idazlearen eta irakurlearen artean, itzultzailearen itzala titulupean. Unai Elorriaga, Iban Zaldua, Iñigo Roke eta Xabier Mendiguren berbetan izango dira.

Egun berean baina gauean, indarra hartu duen ekimen goxoa antolatu da: poesia errezitaldia: Iñigo Astiz, Ione Gorostarzu, Eric Dicharry, Jose Inazio Lasa eta Ataramiñe kolektiboak poemak irakurriko dituzte, 19:00etan.

Aurreratu denaren arabera, Xabier Montoia, Mugaldekoak, Bertso Tramak, Xentimorik Gabe, Artedrama, Dejabu panpin laborategia eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte bertako lagunek.

Informazio guztia hemen biltzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button