ESZENA

“Garai Zekenak”, askatasun faltaren drama

Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan berria da Garai Zekenak, Henrik Ibsenen Hedda Gabler lanean oinarritutakoa. Raul Cancelok zuzendu du denboraldi honetako Arriaga Antzokiaren lehenengo ekoizpen propioa. Azaroaren 27tik datorren urteko urtarrilaren 24ra  bitartean hainbat saiotan ikusi ahalko da, zehazki 19 emanaldi eskainiko baitira. Datorren astean, azaroaren 27an, Garai zekenak estreinatuko da, Nerea Lorentek egokitutako euskarazko bertsioarekin.

Garai Zekenak da, Henrik Ibsen dramaturgo norvegiarraren klasiko handietako batean, Hedda Gabler lanean, oinarrituta dagoen Denise Despeyroux egilearen jatorrizko testu bikaina. Raul Cancelok zuzentzen du Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan berri hau, eta antzezleen artean Miren Gaztañaga (Hedda) nabarmentzen da. berarekin Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea, Gabriel Ocina, Aritza Rodriguez eta Pako Revueltas ere arituko dira.

Arriaga Antzokiaren arabera, “ekoizpen berri honek badu berezitasun bat ez baita Arriaga Antzokiko agertoki nagusian eskainiko, antzokiko hainbat lekutan baizik. Izan ere, Garai zekenak lanaren eszenak egingo diren guneak ataria, eskailera nagusia, foyerra eta gelatxo isabeldarra izango dira. Ikus-entzuleentzat, ohikoa ez den eszenan jartze hori, antzezlana antzezleekin batera jarraitzeko aukera paregabea da, ez modu emozionalean bakarrik, baita modu fisikoan ere”.

Lanaren nondik norakoak honetan dautza: Hedda bizimodu erridikuloan harrapatuta sentitzen da, bere desioarekin duen harremana galdu egin du, eta munduan gauza bakar baterako joera baino ez duela sentitzen du: hil arte aspertzea. Heddaren eta bere ingurukoen garaiak garai zekenak dira, energia guztia norberarengan zentratzen da, eta ez du ematen besteari arreta zintzoa eskaintzeko aukerarik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button