Nontzeberri

Gallon Drunk taldeak “Ur Beltz” jaialdian joko du

Larunbatean, maiatzak 10, Ur Beltz izeneko rock jaialdi interesgarria egingo da Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Guztira bost talde arituko dira agertokian: Gallon Drunk ingelesak, ZZZ’s japoniarrak, Bol Log III estatubatuarra, Pelo Mono andaluziarrak eta Frank euskaldunak. Jaialdia 21:00etan hasiko da.

Gallon Drunk eskarmentu handiko taldea da. Nick Cave musikari ezagunarekin aritutako James Johnston-ek zuzendua, bandak sustraidun rock-and-roll garaikidea jotzen du. Bere jarioa blues erritmo primitiboetan sustengatzen da, kantu iradokitzaile, ilun eta basatiak josteko. Ingelesek oraintsu argitaratutako The Soul Of The Hour diskoa aurkeztuko dute.

Bob Log III, berriz, gizon-orkestra formatuan aritzen den bluesman estatubatuarra da; ZZZ’s Japoniatik datoz, eta post-punk doinu angeluar eta esperimentalak jotzen ditu; Pelo Mono bikote andaluziarrean, ostera, Guadalupeko Plata-ko taldekide batek jotzen du, eta rock instrumentala jorratzen du. Azkenik, Frank euskaldunek country-rock edo Americana jotzen dute.

Exit mobile version