ARTEA

Juan Chillida eta Oaia Peruarena artistak, Donostiako Ekain galerian

Donostiako Ekain Arte Lanak galeriak udako erakusketa kolektiboa prestatu du, eta bertan Juan Chillida eta Oaia Peruarena artisten obrak erakutsiko dira irailaren 4ra bitartean.

Galeriako Erakusketa Aretoan Juan Chillidaren (Donostia, 1956) azken garai hauetan sortutako paper-lanak erakutsiko dira, eta beste aldetik, Artista Gonbidatuaren espazioan Oaia Peruarenaren (Irun, 1972) abstrakzioan margotutako olioak; bertan, hainbat paper-lanak ere erakutsiko dira.

Juan Chillida dimentsio anitzeko artista da, ibilbide artistiko luzea duena. Artista-familia batean jaioa, betidanik sormenarekiko sentsibilitate fina erakutsi du, bai eta gaitasun handia ere. Bere inspirazio iturriak, ia beti, bai hiru dimentsioetan sortzerakoan, bai marrazki planoak margotzerakoan, izar-multzoak edo unibertsoaren konstelazioak dira.
Artistak honakoa dio: “Mendira joaten naizenean izarrak begiratzea gustukoa dut, eta askotan izarren konstelazioak argi-kutsaduratik kanpo ikusi izan ditut. Artean, betidanik, gai hau iraunkorra izan da”. Erakusketa kolektibo honetara ekarri dituen arte lanak azkenengo urte honetan paper gainean sortutakoak dira, teknika desberdinak erabiliz, hau da, tintak, kolorezko lapitzak, akuarelak, eta abar.

Oaia Peruarena artista autodidakta da, hortaz, bai materialak, bai konposaketak eta bai soporteak erabiltzerakoan etengabe ikertzen aritzen den egilea da. Koadroak margotzerakoan inpresionismoan eta abstrakzioan murgiltzen da, eta bere ibilbidean margotzen duen araberan, bere identitatea sortuz doa. Pintzelaren xehetasunaren bidez azaltzen duena bere egunerokotasunean bizi duena da, besteak beste. Halaber, argiarekiko eta iluntasunarekiko sentsibilitatea erabiliz margotzen du. Labur esanda, Bera herrian naturaz inguratua bizi da, eta hori koadroen koloreen aukeraketan nabarmentzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button