Nontzeberri

Gaizkiari buruzko gogoeta gupidagabea

Erein argitaletxea abisua eman du: Karlos Linazasorok izkiriaturiko Hik ez dakik zer den beldurra ipuin-liburua gogorra da, gaizkiari buruzko gogoeta gupidagabea.

Argitaletxeak ikusleak topatuko duenari buruzko beste datu batzuk ere eman ditu: “Handia da ipuinen tentsio psikologikoa, eta ez apalagoa irakurlearengan sortutako deserosotasuna. Irakurleari ezinegona sortzen dioten galderak eta hausnarketak egiten dira. Denok daramagula barruan munstro bat, denok garela min egiteko kapaz”.

Hik ez dakik zer den beldurra esaldia da ipuin guztietan entzungo den melodia, leitmotiv-a, eta melodiak bere baitan biltzen dituen geruza-azalak inpaktu handikoak dira.

Lehen kontakizunetan honakoak irakurriko dituzue: “Agure bat garbitu dute. Laugarrenekoa. Labankadak ezin dira kontatu, sei dira edo zortzi, gehiago ere bai, bata bestearen gainean, lepoan eta garondoan, hezurra zuritu arte, ezin dira kontatu labankadak. Buruz gora dago, begiak zabal-zabal, zeruari errukia eskatuz bezala, baina agure hau sekula ez da izan errukitsua, zitala baizik, esku-laburra, putakume zikoitz bat. Ez zidaan bakerik ematen, ez zidaan bakerik ematen.”

Ohi den bezala, Karlos Linazasorok maisuki idatzitako lana da, eta bertan laburtasuna eta zehaztasun errealista dira ipuin-liburuaren ezaugarri aipagarrienak. Testuetako poema gogoangarri baten haritik, jolasean bezala, “munduratutako gaizkiaren lore-sorta ederra da liburua.”

Exit mobile version