Nontzeberri

Gaizki irakurritakoak

Atzo, Oihaneder Euskararen Etxean, Basque Misreadings. Berrian gaizki irakurriak izeneko erakusketa aurkeztu eta abiatu zen. Proposamena, Edu Zelaieta eta Eneko Ugarte bikote artistikorengandik etorri da.

Eurek diotenaren arabera, “Urteak dira Berria egunkaria etxean jasotzen dugula, paperean nola pantailan. Eta urteak dira, segur aski, zenbait lerro gaizki begietaratzen ditugula. Badirudi gure gogoak jostatzeko asmoa duela hitzekin, eta gaizki irakurritako horiei, akatsei, etekina atera nahi diela”.

Handik sortua da ideia,  eta Berria egunkarian gaizki irakurritako albisteekin erakusketa osatu dute orain. “Elkar elikatu dute artistek, eta Berria egunkaritik jan eta edan oturuntza ederra erditu arte”.

Eneko Ugarte Gancedo (Gasteiz, 1970) margolaria eta ilustratzailea da, eta Edu Zelaieta (Gasteiz, 1973) EHUko irakaslea, idazlea, itzultzailea eta Mugaldekoak taldeko kidea. Edu Zelaietak idatzitako Ispilu biluziak (Pamiela, 2016) liburuan oinarrituta, poesia eta pintura uztartzen zituen performancea sortu zuen. Bion artean ere sortu zen Amets anfibio (Ibaizabal, 2018) haurrentzako liburua. Eta horren ostean ere, eta Mundutik mundua (Pamiela, 2019) liburuan oinarrituta, literatura eta marrazketa uztartzen zituen performancea egin zuten.
Geldirik egoten ez dakien bikote artistikoa.

Exit mobile version