MUSIKA

Freskotasunez beteriko musika, Bakioko Musika Astean

Bakioko Musika Astearen edizio berria hasiko da gaur bertan, eta uztaileren 26ra bitartean, programazioak askotariko doinu eta musika estiloak ekarriko ditu.

Bakioko Udalak, Bakioko Abesbatzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, 6 kontzertu iragarri dituzte musika astean, eta ganbara musika, gospel, barrokoa, pop doinuen erritmo eta melodiak zein inprobisazioaren freskotasuna eskainiko dituzte iragarritako abesbatza eta taldeek.

Gaurko iragarritako kontzertua, Estitxu Pinatxo abeslari beratarrak Dama Beltzak ikuskizuna eskainiko du 20:00etatik aurrera  Txakolingunean, Mikel Santxez gitarra-jole lesakarra bere ondoan dela. Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez “iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei merezitako errekonozimendu xumea da ikuskizuna”, azaldu du abeslariak. Hala, mugimendu beltz eta sozialaren  erreginak izan ziren, Ella Fitzgerald, Nina Simone,  Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin ekarriko ditu gogora,  “emakume ausart hauen bizitzak kontatu eta ahanzturan gera ez daitezen” haien abestiak kantatuko ditu.

Datorren astean izango du jarraipena musika astearen programazioak, eta kontzertuek Andra Mari Parrokia izango dute agertoki, iluntzeko 20:00etan. Hala, uztailaren 15ean, Oreka Quartet;  16an, EHU Abesbatza;  17an, Euskal Barrokensemble; eta uztailaren 18an, Fetén-Fetén & Jou Gónzalez izango dira protagonistak. Musika estilo zabala entzuteko eta gozatzeko aukera paregabea eskainiko dute taldeok.

Eta uztailaren 26an, programazioari amaiera ezin hobea emango dion taldearen kontzertua izango da, Mikel Inunziagaren  Inun  taldearen eskutik. Bakarka zein hainbat musikarirekin, era askotako proiektuetan ibili da bera, eta 2014tik, hiru disko kaleratzeaz gain, literaturako zenbait ekimenetan ere parte hartu izan du, Bilboko Gutun Zuria jaialdian, eta Egunak badoatzi Bernardo Atxagarekin batera, esaterako. Hala, bere Da nola izeneko bigarren diskoan euskal  literaturaren eragin nabarmena erakutsi zuen, hainbat euskal idazleren poema  musikatuak egin baitzituen. 2018ko martxoan, Aingurak  izeneko diskoa kaleratu  zuen, eta bere aurkezpena egingo du Bakioko Musika Astean emango duen kontzertuan. Bertan, Zornotzako kantariak,  pop estiloko erritmo sakon eta indartsuak melodia samurrekin konbinatuko ditu. Hitzordua, Txakolindegian izango da, 20:00etatik aurrera.

Informazio gehiagorako, bakio.eus atarira jo dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu