ARTEA

Frankismoaren garaiko euskal artea, Baionako Euskal Museoan ikusgai

Ekainaren 30tik azaroaren 4a arte, Baionako Euskal Museoan, 1966, GAUR. Euskal arte, frankismoaren garaian izeneko erakusketa paratu dute. Donostian 1966an sorturiko Gaur taldearen barruko zortzi artisten (Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta) obra erakutsiko da.

“Francoren ordenak onartutako adostasun arte figuratiboaren aurka José Antonio Sistiaga, Amable Arias eta Jorge Oteiza hasi ziren elkarlanean, Euskal Herrian abangoardia hautabide bat proposatuz. Euskal sorkuntzaren oldar berri horren ondorioz estetika zehatz bat nola zabaldu zen erakutsiko du, 1970. urteen amaieran berreskuratu askatasunaren ikurra bilakatu arte.”

Zortzi artista horien ehun bat artelan ikusi ahal dira erakusketa horretan, bai eta Euskal Herriko 1960. hamarkadako politika eta kultura azaltzen dituen 100 bat dokumentu ere.

Gaur taldearen sorrera-ekitaldia, 1966 urtearen erdialdean, Donostiako Barandiaran galerian egindako erakusketa kolektiboa izan zen. Taldearen helburua garaiko molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtu eta abangoardia berri bat sortzea izan zen. Taldeak bi urteko iraupena izan zuen, eta besteak beste, Txillida eta Oteizaren artean izandako desadostasun eta tirabirengatik desegin zen. Taldearen ildoari jarraiki, antzeko taldeak sortu ziren Euskal Herriko beste lurraldeetan: Emen, Bizkaian; Orain, Araban, Danok, Nafarroan; eta Baita, Ipar Euskal Herrian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button