MUSIKA

Testament eta Exodus thrash metal ordezkari klasikoen kontzertua

Testament eta Exodus kaliforniarrak 80ko hamarkadako thrash metal estiloaren ordezkari nagusiak izan ziren. Estilo horrek metalaren sendotasuna eta hardcorearen eta punkaren abiadura eta oldarkortasuna uztartu zituen.

Metallica, Slayer edo Megadeth taldeekin batera, mundu osoan zabaldu zen genero baten oinarriak zizelkatu zituzten. 90eko hamarkadan thrash metalak behera egin zuen nabarmen, baina, egun, badirudi gailentzen ari dela.

Horren erakusle gaurko kontzertua: Testament eta Exodus bandek Bilboko Santa 27 aretoan joko dute, Unearth taldearekin batera. Biak ala biak sasoian daude, eta disko duinak argitaratzen ari dira Nuclear Blast Records zigilu prestigiotsuaren bitartez.

Testament taldeak, 2012an, Dark Roots of Earth izenburuko hamargarren lana plazaratu zuen, eta urtebete geroago, Dark Roots Of Thrash zuzeneko DVDa. Exodusek ere bere hamargarren lana kaleratu zuen 2014an, Blood In, Blood Out.

Ezinbesteko hitzordua metalzaleentzat maila horretako bi talde lokal ertain batean batera ikusteko oso aukera gutxi izaten baitira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button