Nontzeberri

Formatu txikiko kontzertuak “Kantu eta hitza” ekimenean

Iruñeko Erraldoien txokoan, maiatzaren 16tik ekainaren 27ra, formatu txikiko kontzertuak biltzen dituen Kantu eta hitza ekimena antolatu dute.

Datorren barikuan izango da lehen hitzordua Petti kantariarekin. Pettik hogei urte baino gehiago daramatza bere musika sortzen. Sustrai euskaldunak eta amerikar kutsuko doinuak nahasten ditu. Hitzetan, berriz, nabaria da barrura begiratzeko joera. Gitarra jotzeko trebeziarekin batera, dena den, ahotsa da Pettiren bereizgarri nagusia: ahots sakona eta sarkorra, erraietatik sortu eta barreneraino iristen dena. Gitarraz eta ahotsez, idazle eta musikari bikainen laguntzaz, hamabi disko kaleratu ditu; azkena, Bonberenean emandako kontzertu batean zuzenean grabatutakoa: Bonberenean Zuzenean (Bonberenea Ekintzak, 2018).
Kantu eta Hitza zikloko emanaldia berezia izango da, musikari eta lagun ezagunak batuko baitzaizkio oholtzan, besteak beste, Joseba Irazoki gitarran  eta Juantxo Zeberio teklatuan.

Hurrengo saioa maiatzaren 23an izango da eta Olatz Salvador izango da protagonista. Maiatzeko azken saioan Rolan Garces arituko da. Ekaineko kontzertuetan Maite Larburu, Maddi Zubeldia, Xabier San Sebastian eta Peio Ospital musikariek parte hartuko dute.

Exit mobile version