MUSIKA

Formatu txikiko kontzertuak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan

Bihar bertan, urriak 17, formatu txikiko kontzertuen III. zikloa abiaraziko du Euskaltzaindiak euskal musika sustatzeko xedez. Urrian eta azaroan, Joseba Irazoki, Maite Larburu, Peio Ospital, Afrika Bibang eta Lumi taldea pasatuko dira akademiaren egoitzatik.

Lehen zita, urriaren 17an izango da, eta Ilaski Serranok Maite Larburu elkarrizketatuko du. Maite Larbururen lehendabiziko bakarkako lana Hezurren azpian (Hotsak) da, eta horixe dabil haizatzen Euskal Herriko txoko askotan. Hona hemen Harkaitz Canok musikariari buruz esandakoa: “Sasi guztien gainetik eta hezur guztien azpitik, kezkak eta minak modu jostalarian aurkezten dizkigu Maite Larburuk, organiko eta biluz, ludiko bezain poetiko, egia hauskortasunaren eremuetan dagoen jakitun. Zaratari muzin, xuxurlari oles. Lantuari uko, umoreari toles. Nor da Maite Larburu? Sendabelar bat kantu egina. Kantu-kontalari eta ipuin-kantalari bat. Biolinaren birtuoso bat, birtuoso izatea gehiegi axola ez zaiona.(…). Abesti hipnotikoek leun-leun garamatzate herrestan, modurik naturalenean egiten dute aurrera. Doinu nabigagarriak izateak ez ditu, hala ere, aurreikusgarri bihurtzen; inoiz ez dakizu ibaiaren kurba eta meandroek noraino gidatuko zaituzten, zein izango den hurrengo desbideraketa hitzetan edo melodian, zein ertzetan bukatuko ote den bidaia. Hezurren azpian zer dagoen jakin nahi? Ez duzu bisturirik beharko: disko hau jartzea nahikoa”.

Kontzertu guztiak ostegunetan antolatu dira, 20:00etatik aurrera, eta aurrekoetan egin den moduan,  30 minutuko elkarrizketa egingo zaio musikariari, eta ondoren, 50 minutuko kontzertu akustikoa eskainiko du sortzaile horrek.

Joseba Irazoki (urriaren 24), Peio Ospital (azaroaren 7), Afrika Bibang (azaroaren 14) eta Lumi taldea (urriaren 31) entzuteko aukera ere izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button