Nontzeberri

Forma artistiko berrien nazioarteko topaketa, Azkuna Zentroan

Prototipoak. Forma Artistiko Berrien 2018 izeneko topaketa aurkeztu dute gaur goizean Azkuna Zentroan. Maiatzaren 31tik irailaren 16ra arte, makina bat proiektu artistiko eta erakusketa interesgarri gizarteratuko dira. Prototipoak Rosa Casadok eta Mike Brookesek komisariatu dute eta eurak izan dira prentsaurrekoan, bertan presentatuko diren egitasmo guztien gaineko xehetasunak ematen.

Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Perezen hitzetan, ekimen honek “formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana, hiriaren ezohiko alderdiak lantzen dituzten eta instituzio, erakunde, talde eta norbanako askorekin elkarlanean egiten diren proiektuen bidez”. Programa bikoitza dela gaineratu du zuzendariak, topatze bat alde batetik, eta erakusketa garaiari dagokion aldea.

“Espazio publikoak, non gauzak gertatzen diren” izango da giltzarrietako bat, eta bertan prozesuak emaitzak bezain garrantzitsuak izango direla azpimarratu nahi izan dute. Hala,  Prototipoak proiektuak jarraipena emango dio duela urte batzuk abiatu zen  3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa programari. Eta horretarako Estatuko eta nazioarteko artisten zenbait proiektu eroango ditu Azkuna Zentrora. Hainbat topaketa eta robotika sozialari buruzko erakusketa berezi antolatu dira.
Topaketako egunetan (maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitartean garatuko dira) hainbat egitasmo interesgarri ikusteko abagunea eskainiko da. Batzuk aipatzearren: Marokotik datorren Bouchra Ouizguen dantzariaren Compagnie O izenekoaren Corbeaux lana; Haircuts By Children; Los Torreznos taldearen El Cielo & La Cultura; Camilla Téllez artistaren Mirador Centro de Investigación; edota Barnealdeko Lorategia argazkigintza-proiektua. Aipaturiko topaketetan espazio publikoak edota eguneroko agertokiak izango dira protagonista, eta hala,  “kaleak, plazak, ile-apaindegi bat, irratia, Arabako Lasierraren eta Arriquibar plazaren arteko bide bat…” interakzio-espazio bilakatuko dira hainbat proposamen performatiboren bidez.

Erakusketei dagokionez, zentroko erakusketa-aretoan pieza interaktiboak jarriko dira, “pieza biziak, bisitariekin komunikatzen eta harremanetan jartzen direnak”. Guztiak oso ikusgarriak dira, eta bisitaria aztoratuko dute: Accomplice, Fish-Bird, The Big Picture, Tele-Present Wind, Vincent And Emily, Combover Jo, Mudbots-Robots con Barro.

Noiz eta zer, zehatu nahi baduzue: Azkuna Zentroa

Exit mobile version