Nontzeberri

“Folkez Blai 2019” jaialdia bidean da, Ermuan

Ermuko XIV Folkez Blai musika jaialdia martxan da, eta asteburu honetan, 15era bitartean, makina bat kontzertu egingo dira bertoko Orbe Kardinala plazan.

Gaur berton, hilak 13, lehiaketa hasiko da, eta hiru egunetan sei talde arituko lehen saria lortzeko lehian. Lehenengo jardunaldi honetan, Comando Curuxás (Lugo) eta Flowk (Bartzelona) arituko dira, 18:30ean eta 19:45ean, hurrenez hurren. Eguna amaitzeko, Toledoko La Khabala Band taldeak kontzertua egingo du, 21:00etatik aurrera. Lehiaketaz kanpo arituko dira hauek, iazko Folkez Blai jaialdiko irabazleak baitira.

Larunbatean talde askoren presentzia izango da Ermuan. Lurgain gipuzkoarrek emango diote hasiera egun horretako programazioari, 18:30ean, eta X-Fanekaes valentziarrak arituko dira jarraian, 19:45ean. Lehiaketatik kanpo, Xabier Diaz & Adufeiras de Salitre  bilduko dira.

Azkenik, igandean, Guadalajarako Los Hermanos Cubero bikotearen kontzertua programatu da lehiaketatik kanpo, 13:00etan, eta arratsaldean, bi talde lehiatuko dira: Lenda Ártabra (A Coruña) 18:30ean eta Boj (A Coruña), 19:45ean.

Epaimahaiak igandean bertan ezagutaraziko du bere erabakia, kontzertu guztiak amaitu ostean. Sei taldeetako batek lehenengo saria eskuratuko du, 3.000 eurokoa, eta bigarren sailkatuak, aldiz, erdia 1.500 euro. Gainera, irabazleek 2020ko Folkez Blai eta Getxofolk jaialdietan parte hartuko dute.

Datu guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version