MUSIKA

Folk musikarekin gozatuz, elkartasuna Gasteizeko “Aitzina Folk” jaialdiaren eskutik

Aitzina Folk jaialdi solidarioa hartuko du Gasteizek gaurtik hasita, azaroa eta abenduan zehar,  20 jarduera eta lantegitik gora ondu dituztela hiriko zazpi gunetan banatuta.

Jaialdiak bi helburu bete nahi ditu. Batetik, folk musika zabaltzea, musika eta dantzarako kontzertuak eta bestelako jarduerak eta tailerrak eginez; eta bestetik, Ataxia Telangiectasia izeneko gaixotasun arraroa ikusarazteaz gain, hori ikertu eta sendabidea lortzeko funtsak biltzea. Izan ere, Euskal Herrian gaixotasuna duen gasteiztar ume bakarra bazegoen, aurten Amurrioko beste bati diagnostikatu baitiote.

Hala, aurtengo egitarauan euskal folk musikako talde erreferente eta nagusiak bilduko dira, Kalakan, Alos Quartet, Xabi Aburruzaga edota Ahaire Ahizpak, esaterako. Xabi Aburruzagak eta Alos Quarter taldeek gainera, primizian, disko berriak aurkeztuko dituzte jaialdian.
Baina kartela estatuko eta nazio mailako folk musikaren beste talde nagusi batzuk ere osatuko dute: Milladoiro (Galiza), Castellanas (Gaztela-Leon), Eleanor Shanley (Irlanda) Garadice (Irlanada) edota RIU (Katalunia), besteak beste.
Aurtengo kartel buruak, Kalakan eta Milladoiro taldeak izango dira, eta  talde bakoitzak bi emanaldi eskainiko ditu Mendizorrotzako kiroldegian, abenduaren 27an: Kalakanek, 19:30ean eta 22:30ean; eta Milladoirok, 19:30ean eta 21:30ean.

Horietaz gain, Oihaneder Euskararen Etxea, Artium  Aretoa, Santa Maria Katedrala, Principal Antzokia, Jesus Guridi Kontserbatorioa eta  Iparralde Zentroa ere hartuko ditu jaialdiak, eta azaroko eta abenduko egun ezberdinetan beste hainbat taldek osatuko dute egitaraua. Eguberriarekin lotuta dauden errepertorioarekin Natívitas taldea, Boreas Cámararen ganbera musika, The Sorry String Band taldearen jazz doinuak edota Eltziegoko Gaitariak.

Gasteiz izango dute hortaz folk musikaren jarraitzaileek datozen hilabeteetan planak egiteko geltokia, eta antolatzaileek kontzertuetarako abonamenduak jarri dituzte eskuragarri ordainpeko kontzertu guztiak barne hartzen dituztenak. Kontzertuetan parte hartzerik ez duenak baina bere elkartasuna eta ekarpena egin nahi duenak zero ilararen txartela eskuratu dezake.

Egunez eguneko programazioa eta taldeen informazio osoa, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button