Nontzeberri

Film luze eta laburrak Gasteizko “Euskal Zinema Dokumentalaren Astea” ekimenean

Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak bere bosgarren urtea beteko du aurten. Vital Fundazioak antolatutako ekimena ostiralera bitartean, hilak 25, luzatuko da. Guztira, lau film luze eta hiru labur emango dira, eta horien ostean, ikusleek egileekin egingo den solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.

Euskadiko profesionalek zuzendutako dokumental onenak emango diren ekimena atzo abiatu zen Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte zuzendari dituen Bihar Dok 13 lanaren emanaldiarekin.

Gaur, urriak 22, Oier Aranzabalen Margolaria lana pantailaratuko dute. Film horrek, Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna dakar. “Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila.”  Hala, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara bidaia hori aitzakia hartuta, “artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesuak ere bidaiak baitira”, argudiatzen dute artistek.

Asteazkenean, urriak 23, film dokumental laburrek protagonismoa hartuko dute. Orotara, hiru film dokumental labur emango dira: 592 metroz goiti 90eko hamarkadan Itoizko urtegiaren eraikuntzari buruz; Ancora lucciole, Pier Paolo Pasolini-ren erailketari buruz; eta Kafenio kastello, Atenasen, krisialdian, amore ez emateko nahiari buruzkoa.
Ostegunean, urriak 24, Antonio Diaz Huertaren Gallo dokumentala ikusiko da. Gaur egungo gai baten inguruan: desgaitasuna.
Azkenik, ostiralean, hilak 25, Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen lana pantailaratuko dute. XX. mendeko euskal historian funtsezko pertsona izan zen Lezo Urreiztietaren historia kontatuko da filmean.

Informazio gehiago, hemen eskuratu ahal duzue.

Exit mobile version