IKUS-ENTZUN

Film laburrek eragindako kaosa

Ekainaren 6tik 11ra bitarte Caostica Bilboko film laburren jaialdiaren hamargarren edizioa egingo dute. Orotara 40 lan ikusi ahalko dira Bilboko hainbat tokitan. Azkeneko egunean, ekainak 11, lan irabazleak iragarri eta proiektatuko dituzte EHUk Abandoibarran duen paraninfoan. Barbara Goenaga, Borja Cobeaga, Kepa Sojo, Maribel Sala eta Sam Ortík aukeratuko dituzte lan irabazleak.

Gaur, ekainak 6, egingo dute lehendabiziko proiekzioa Pedro Arrupe Pasarelan. Emanaldi aire librean egingo dute. Hala, 22.00etatik aurrera hamar film ikusi ahalko dira, tartean, Haritz Zubillagaren She’s Lost Control, Ivan Cortazarren Desastre(S) eta Gotzon Aurrekoetxearen Rebel Scum.

Biharko emanaldia ere, ekainak 7, kanpoan izango da, Martzana moilan, hain zuzen ere. Emanaldi hori ere 22:00etan hasiko da eta bederatzi lan proiektatuko dituzte. Proiekzioan Aritz Moreno zinegilearen Bucle lan saritua emango dute, besteak beste. Ostiraleko saioa ere, ekainak 8, Martzanan egingo dute aire librean. Zortzi lan proiektatuko dituzte eta emanaldia 22:00etan hasiko da.

Larunbata, ekainak 9, Caosticaren egun handia izango da: Azoka Bizarro Handia. Egun hori, gainera, egoitza berrian egingo dute, Zorrozaurre auzoko Ignazio Zuloagan, hain zuzen ere. Egun osoan hainbat emanaldi eta jarduera izango dira. Izan ere, egitaraua eguerdian hasiko da eta gauerdian amaituko da. Hitzordu bizarro horretan hamahiru film labur proiektatuko dituzte, tartean, Nontzefilmak film laburren lehiaketaren aurtengo edizioan sarituak izan ziren Ramon Frias madrildarraren Intruso eta Nacho Rodriguez bartzelonarraren A Paedophile animaziozko lana.

Azkenik, eta aipatu denez, astelehenean, ekainak 11, lan sarituak iragarri eta proiektatuko dituzte EHUk Abandoibarran duen paraninfoan, 20:00etan.

Film laburren jaialdiarekin loturiko xehetasun guztiak (ordutegiak, emanaldia, filmen zehaztasunak eta bestelakoak) caostica.org webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button