MUSIKA

Soul festa Bilbon eta Gasteizen

Asteburu honetan, urtarrilak 18 eta 19, soul, rhythm and blues (R&B) eta antzeko erritmo beltzak entzungo dira Bilboko Kafe Antzokian eta Gasteizko Hell Dorado aretoetan, hurrenez hurren.

Izan ere, Hot Rhythm & Soul Party lelopean, beltzen musikekin maiteminduta dauden hiru taldek joko dute: The Excitements (Bartzelona); The Allnight Workers (Galizia); eta, azkenik, The Go! Freaks (Gasteiz). Azken talde horretan, Euskal Herrian soul estiloko talde aitzindaria izan zen Allnighters-eko Ernesto gitarra jotzaileak jotzen du.

Bartzelonako The Excitements taldeak Ike and Tina Turnes, Etta James, Nathaniel Mayer eta antzeko soul eta r&b musikari zaharren ondaretik edaten du. Orain arte iraupen luzeko disko bat argitaratu du euren hiriko Penniman diskoetxearekin (disko horrekin batera hiru single ere kaleratu ditu). Disko horretan makina bat soul kantu kutunen bertsioak bildu dituzte musikari katalanek. Egun, kantu propioak lantzen ari dira. Europako soul eta blues jaialdi garrantzitsuenetan jo dute. Kalitate handiko zuzeneko dantzagarria eskaintzen dute, Koko-Jean-Davis emakumezko ahots eta mugimendu grinatsuak tarteko.

The Allnight Workers galiziarrei dagokienez, Do It Again, Please izeneko diskoa plazaratu berri dute. Bertan, energia handiko R&B doinuak jaso dituzte. The Phantom Keys edo The Loveless Cousins taldeetako musikariek eraturiko egitasmoa da.

Azkenik, The Go! Freaks gasteiztarrek, askotariko erritmo itsaskorrekin josiriko kantu beroak egiten dituzte, tarten, soul, funk, R&B…

Musika estilo beltzak maite dituztenentzako ezinbesteko hitzorduak dira, bi kontzertuak biltzen dituen leloak adierazten duen legez: Erritmo beroa eta soul festa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button