ARTEA

“#FemRIGHTS” erakusketa aurkeztu dute Montehermoso Kulturgunean

Emakumeen eskubideen urraketa jorratzen duen erakusketa Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena du ardatz. Montehermoso Kulturgunean abiaturiko FemRIGHTS egitasmoaren sortzailea Irantzu Lekue da.

Erakusketa bost gelatan dago banaturik, eta emakumeen eskubideen urraketa jorratzen du, “arte instalazio, eskultura, performance edo ikus-entzunezko sorkuntzen bidez”. FemRIGHTS sei pieza handiz osatutako mikro horma irudiarekin jasoko du bisitaria. Hurrengo atalean Heroi anonimoak arte instalazioa dago, historian emakumezko erreferenteen faltaz hausnartzeko bazka eman nahi duena. Artistak azaldu duen moduan, “emakume aitzindariak edo sortzaileak ezkutatu egin dira, ez ikusiarena egin zaie edo gizonezko sortzaileen itzalera kondenatu dituzte, eta gizon horiei egotzi zaizkie emakumeen lorpenak”.
Ikusenzintasuna dator geroago. Lan horrek zenbait emakumeren esperientzia traumatikoak edo eskubideen urraketak azaleratzen ditu, lekukotzak emateko. Esterotipoak lanak Irati Jimenez idazle bizkaitarraren testu bat du oinarri. “Gizarte garaikidea panpinetan eta, bereziki, barbie panpinetan nola islatzen duen aztertu nahi izan dut”, esan du Lekuek.
Ahaldundu zaitez artelanean ikuslearen parte hartze aktiboak bilatu du artistak. “Ate batek gela batera eramango gaitu; bertan, emakumearen askatzea islatzen da, ahalduntzea sustatzen da”. Gizartearen inposaketaren aurrean gizakiek hartzen duten joerari buruzko hausnarketa bat proposatzen du.
Azkenik, Jatorrizko bekatua artelanak ixten du erakusketa. “Sagar gorri, garbi eta distiratsuz beteriko kupula batek emakumeari egozten zaizkion azalekotasun, edertasun estereotipoei, mendetasunari eta loturari buruz hausnartzea eragiten du. Edertasunaren iraupen laburra eta emakumeari loturiko jatorrizko bekatua (Adan eta Eva), Walt Disneyren Edurne Zuri eta betiereko edertasuna eta gaztetasuna bilatzen duen sorgin gaiztoaren opari pozoitua”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu