Nontzeberri

Feminismoa hizpide San Telmo Museoan

Hainbat aditu bilduko dira egunotan San Telmo Museoan feminismoaren inguruan, egun mahai gainean dauden hausnarketak eztabaidatzeko edota aztertzeko.

Jakiundek Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz antolatutako hitzaldiez gain, urriaren 11ra bitarte, III. Memoria Feministak jardunaldia garatuko da, eta bertaratuko diren aktibista eta aditu feministek arlo eta begirada ezberdinetatik aztertuko dituzte gaiok.

Hala, bertan izango dira, Maria Angeles Duran soziologoa; Ana de Miguel, Carmen Adan eta Concha Roldan filosofoak; eta Carmen Diez antropologoa ere.  Adituek gainera, Celia Amoros eta Teresa del Valleren lana ere gogoratuko dute.

Gaur abiatuko da lehen hitzaldia eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Udalaren Berdintasun atalak eta San Telmo Museoak antolatuta, museoan bertan.  Mª Angeles Duran soziologoak zainketa lanak izango ditu xede Cómo queremos cuidar izenburupean emango duen hitzaldian. Bertan, ikuspegi feministatik, gizartearen oinarri gisa, lanen errealitateak azalduko ditu soziologoak.

Bihar, urriaren 9an, aldiz, Carme Adan arituko da Feminicidio: memorias de un concepto solasaldian. “Emakumeenganako indarkeriaren inguruan historikoki izan den isiltasuna injustizia epistemiko gisa har genezake. Emakumeak hiltzen dituzten bortizkeria hauek ikusgai egiteko prozesuaren jarraipena egitea etorkizuneko erronkei aurre egiteko elementu kontzeptualez hornitzeko modu bat da. Garai neoliberalean patriarkatuaren birkonfigurazioak markatutako etorkizuna”, laburbildu du Adanek hitzaldiaren ardatza.

Eta ostegunean, urriaren 10ean, Ana de Miguelek Feminismo y marxismo, ideas que cambiaron nuestro mundo  gaiaren inguruko hausnarketa eta ekarpena egingo du. Hitzaldiaren muina laburbilduz zera adierazi du de Miguelek:  “ilustrazioak gizaki guztien arteko berdintasun ontologikoa ezarri zuen. Baina ideia hau gauzatu zedin dena zegoen egiteko. Feminismoak eta sozialismoak bat egin zuten gizarte berri baten, mentalitate berri baten oinarriak ezartzeko. Hitzaldian bi paradigma filosofiko handi hauen iragana eta etorkizuna aztertuko dira: bere sustrai komunak, bere kontraesanak eta egungo erronkak”.

Zikloa hilaren 11n egingo den jardunaldi batekin amaituko da.  Bertan Celia Amoros eta Teresa del Vallek egindako Mujer y poder ikerketa proiektuaren inguruan arituko dira Carmen Diez, Ana de Miguel eta Concha Roldan. Honetan, feminismoaren kontzeptualizaziorako eta bere alderdi antropologiko, etiko eta politikarako ekarpenen testuingurua aztertzeaz gain, planteamendu haiek gaur egun, 30 urte beranduago, zein punturaino dauden indarrean aztertuko dute. Hitzordua hau, Carlos Santamaria Zentroan, 12:00etatik aurrera izango da.

Informazio gehiago eta egitarauaren xehetasunak hemen dituzue.

Exit mobile version