BERTSOTAN

“Kafkaren aulkia” edo irakurraldi bertsotuak

Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramirez musikariak eta hainbat idazlek (Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola, Xabier Mendiguren…) bertsoa eta literatura uztartuko dituen emankizun berri bat abian jarriko dute.

Gaur, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Pello Ramirez, Harkaitz Cano, Iratxe Esnaola, Arantxa Urretabizkaia eta Mikel Mariskalek horren gaineko xehetasunak eman dituzte.

Kafkaren Aulkia emankizunean ordu eta erdi inguruko jarduna osatzen dute idazle batek eta bi bertsolarik, eta musika Pello Ramirezek jartzen du txelo eta akordeoiaren doinuekin.

Literatura eta bertsolaritzaren oinarria hitza denez, berau izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko errelatoan txertatuko da hark agindu ahala.

Lehenengo saioetako egunak ere jarrita daude: Urriaren 17an, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, eta Azaroaren 3an, Ondarroan kofradia zaharrean, eta Abenduaren 11an, Deustuko Udaltegian izango dira.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button