MUSIKA

“Fantomas Gaua”, Gasteizko rock zaleen festa

Larunbatean, Gasteizko Hell Dorado aretoan, Fantomas Gaua izeneko festa egingo dute. Ekimenaren xedea Arabako hiriburuko rock taldeak ezagutaraztea da. Hala, ostiralean, hauexek joko dute: Arenna, Pájaro 1 Pájaro 2, La Reverso, Dummies eta Roto. Festatik aterako den dirua taldeen lagun baten gastu sanitarioei laguntzeko erabiliko da.

Arenna, rock banda psikodelikoa da, eta 2015ean Given to Emptiness izenburuko bigarren lana kaleratu zuen, estreinako diskoa agertu eta lau urtera. Arabarrak maisuak dira stoner erritmo pisutsuak eta giro psikodelikoak uztartzen. Black Sabbath, Hawkwind, Motorpsych, Pink Floyd edo Kyuss banden ondarea buruz ikasi dute, eta lan horretatik ateratako emaitza ikusgarria da: garapen luzeko pieza atmosferiko bezain pisutsuak.

Pajaro 1 Pajaro 2 bikoteak Earth 01 Moon 07 izenburuko bigarren lana aurkeztuko du. David Madinabeitiak eta Alvaro Larroryk Bartzelonako Artspace estudioetan grabatu dute lan berri hori. Diskoa David Solerrek eta Angel Medinak ekoitzi dute, Maria Arnal i Marcel Bagés edo Nico Roig-en lanetan ere parte hartu dute, besteak beste. Hala, grabazioan bildutako hamar kantuetan pop-rock melodiak nagusitzen dira. Melodiak, country-rock zertzeladak eta detaile akustiko zein elektronikoak entzuten dira.

La Reverso laukotea Flesh For Cannibals, Erizo, The Junk Band, Same Old eta The Crow Farm taldeetan aritutako musikarien egitasmo berria da. Pop, rock, punk eta funk erritmoak jorratzen ditu.

Dummies taldeko musikariek rock musika jo ohi dute haien jatorrizko bandetan, baina Dummies egitasmoaren bidez, Portishead taldearen doinuen moldaketak egiten dituzte.

Azkenik, Roto Mr. Roto taldearen erdia da, eta doinu akustikoak joko ditu. Hell Doradoren arabera, “Seattle meets Bidasoa?”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button