MUSIKA

Lurpekarien jazz giro askeak

Ibilbide luzeko zenbait musikariren jazz egitasmo berria da Lurpekariak. Hala, Broken Brothers Brass Band taldekide Ion Celestinoren zuzendaritzapean eta Nerea Erbitiren ahotsak gidatua, seikoteak, bi kontrabaxu, bi bateria, tronpeta eta ahotsak, Itsasotik iturrira izenburuko diskoa argitaratu du Errabal diskoetxearen bidez.

Errabal zigiluaren arabera, “bi hirukoteen arteko harremanak, antzinako irrintzi, kantu, dantza eta pasadizoak, tronpeta eta perkusio ehundura finetan nahasten ditu, ezustekoz betetako egitura aske eta zirraragarriak marraztuz”. Bi hirukoteak ondoko musikariek osatzen dute: Ion Celestino (tronpeta), Nerea Erbiti (ahotsa), Ander Garcia (kontrabaxua), Javier Callen (kontrabaxua), Daniel Lizarraga (bateria) eta Israel Tubilleja (bateria).

Diskoaren harira, 12 doinu biltzen ditu, eta taldeak berak azaldu duenez, Steve Coleman , Matana Roberts, Derek Bailey, Beñat Achiary, Maddi Oihenart, Fermin Goñi edo Iruñeko Gaiteroak dira proiektuaren inspirazio iturriak. Doinuok Donamariako Jauregian grabatu dira, aurtengo udaberrian, Josué Pascual teknikariaren gidaritzapean.

“Finean, grabaketa eder honek, historiaren kontzepzio lineala hankaz gora jarri eta estilo bat edo bestea den, eta nor den noren aurreko edo ondorio galdarazten digu geure buruari. Afrika, New Orleans edota Euskal Herriko arbasoen arteko elkarrizketa hau ehunka aldiz entzunda ere, beti sekretu berriak argitzen dira. Beti da estreinakoa”.

Lurpekariak jazz bandak bihar bertan joko du Basauriko Social Antzokian, eta larunbatean, Ermuko Lobiano aretoan. Abenduaren 2an, halaber, Bergarako Seminarixuan izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button