LITERATURA

Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean

Gorka Merceroren Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera izeneko lanak argia ikusi du. Amorebieta-Etxanoko Udalak XIV. edizioaren proiektu irabazle aukeratu zuen, 2015eko Santi Onaindia Bekaren barruan.

Gorka Mercero adituaren lanak euskal narratiba garaikideak izandako eboluzioaren irudi orokorra eskaini nahi izan du. Euskal narratiba garaikidean suma daitezkeen mundu-ikuskera ezberdinen tipologia aletu du egileak. Abiapuntuan Modernitatearen pentsabidea dugu, zeinak errealitatea berezko xede edo jomuga bati loturik irudikatu duen, azken burutzapen berezko bati, alegia. Hondarreko burutzapen edo telos horretan, munduko izateek beren benetako zerizana erdietsiko lukete, beren esentzia, alegia. Halere, existentzialismo moderno hori krisian egon da ia bere sorreratik beretik, balizko hondarrezko gauzapenok zinez ez baitira sekula erdietsi ahal izan. Hala, literatura eta pentsamendua errealitate-irudikapen askeagoak sortzen aritu dira azken hamarkadotan, esentzien zurruntasunetik progresiboki aldentzearekin batera “post” aroaren mundu-ikuskeren ez-esentzialismoari leku eginez.
Finean, egitasmoak existentzialismotik ez-esentzialismora doan bide horretan euskal narratiba garaikidea non kokatu arakatu du.

Gorka Mercero Altzugarai 1969an jaio zen Donostian. Euskal Filologian Lizentziatua da UPV-EHUn. Doktorea Euskal Literaturan 2012an UPV-EHUn. Tesiaren izenburua honako hau izan zen: Oroimena eta postmodernismoa euskal nobelagintza garaikidean: errealitatea, nitasuna eta nazioaren auziak. Gaur egun University of Liverpooleko Euskal Gaietako irakasle titularra da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button