BESTELAKOAK

Euskararen Etxean, programazio berria

Bilboko San Inazio auzunean kokaturik dagoen Azkue Fundazioak kudeatzen duen Euskararen Etxean, programazio berria abituko dute hil honetan. Ekimenak abendura bitartean luzatuko dira.

Hala, ostiral honetan, maiatzak 16, Ana Virto artistaren Etxea izeneko erakusketa inauguratuko da. Bere esanetan, bere lanen gaiak aldatuz doaz, baina berak nahi ez badu ere, beraien kabuz beti agertzen diren gai batzuk badaudela ematen du, egiten duen guztian presente mantentzen direnak, nolabait. Familia, oroitzapenak, etxea… bere lanetan behin eta berriz errepikatzen diren gauzak dira, margo zein ilustrazio formatuan.
Bere lanak oroitzapen horietatik elikatzen dira. Horiek mantentzen eta gogorarazten saiatzen dela esaten du, eta desagertu ez daitezen, toki seguru bat bilatzen duela gorde ahal izateko.
Euskararen Etxerako prestatu duen erakusketa honetan, bi motatako lanak daude: bereziki Euskararen Etxearen inguruan egindako ilustrazio sorta eta, bestalde, bere formatu handiko margoetariko batzuk.

Era berean, Olentzero munduan/Arraun the World izeneko erakusketa ere paratu da. Iñigo Iraultza Iru leioarra da egilea, eta ekimenaren funtsaz hauxe esan du: “Ekimen honen xede nagusia Euskal Herrian diren ume etorkin horien guztien nahia betetzea da. Horrela, Olentzeroren bilobak egiten dituen bidaia hauetan Euskal Herrian diren haur horien senitartekoak bisitatzen ditu hauei opariak emateko. Opariek ez dute zertan materialak izan behar eta, sarritan, gutunak edota bideo-mezuak izaten dira”.

Ostiralean bertan, erakusketen inaugurazioarekin bat eginez, Arrutiko Intxaurrak eta Mor More taldeek kontzertua eskainiko dute 19.00etan.

Mor More eta Arrutiko Intxaurrak zarauztarrak elkarrekin egiten ari dira hainbat kontzertu. Bira horren baitan, kokatzen da Bilboko Euskararen Etxean, ostiral honetan, maiatzak 16, egingo den emanaldia.

Ane Arruti zarauztarrak 2012ko uztailean grabatu zuen bere estreinako maketa, eta, egun, grabazio horretako sei kantuak aurkezten ari da hainbat tokitan.

Mor More taldea, halaber, Zarauzko bi neska gaztek osatzen duten musika egitasmoa da. Musika akustikoa eta lasaia egiten dute, ahots gozoez lagunduta. Bost hilabeteko geldialdiaren ostean, Izuak eta suak bere lehenengo diskoa aurkezten dihardu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button