LITERATURA

Ezra Pound eta Al Berto poeten antologia berriak

Ezra Pound eta Al Berto poeten antologia berriak kaleratu dira Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan. Susa argitaletxeak aurkeztu ditu gaur goizean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Kaier berri hauekin 26 zenbakira iritsi da bilduma.

Ezra Pound (1885-1972) XX. mendeko poesiaren ezinbesteko erreferentzia da, imaginismoa deitu izan zitzaion mugimendu abangoardistako buru garrantzitsuena. Itzulpena Luigi Anselmik egin du. “Poeta gutxi dira XX. mendean Ezra Pounden garrantzia eta prestigioa eskuratu dutenak. Erreferentzia ezinbestekoa izaki, eragin handia izan du ondorengo poetengan. Gurean, esaterako, presentzia azpimarratzekoa du Bernardo Atxagaren Etiopia poema liburuan; hango “etcetera” famatuak, adibidez, Poundengandik hartuak dira”.

Al Berto (1948-1997) poetari bazterreko etiketa atxiki izan zaio, baina gaur egun Fernando Pessoaren ondorengo poeta portugaldar antologatuenen artean dago. “Inork gutxik nahi izaten du bazterrekoa izan, inork gutxik mugaren beste aldeko; bazterrekotasuna, izatekotan, egokitu egiten den zerbait izaten da, kanpotik —boteredunek maizenik— egokitutakoa inondik ere. Ziur aski horixe da Al Bertoren kasua; norma eta arau orokortuetatik aparte bizi izan zen, eta hala, bazterrekoaren etiketa atxiki izan zaio. Bazterreko izatea, baina, nondik begiratzen den izaten da”. Itzulpena Joxemari Sestorainek egin du.

idaztea

idaztea dut isilezko egonleku lehena
gorputzetik oldartzen da hitzen atzean mugituz bigarrena
itsasoak ukitu gabeko hondartza zabal hutsak
basamortua non hatzek xuxurlatzen duten azken krimena
zuri idaztea etengabe… hondarra hondarraren gainean
odoletan eraikiz ezerezko horma goi-goiak

gorde zenituen gauzekiko grina
azal-oroimena ez dakit zer hondamendi botaz
lohi mihia

zikuta haziak barreiatzen genituen ametsen ganduan
izarren aieneak bezala iristen ziren goizak
eta itsasertzean nenbilen zure esperma arrastoaren bila

itsas-lohizko beste gorputz zenbaitek zeharkatzen dute
ilunabarreko listu eskasean jasotako egonlekuko isiltasuna

 

Bilduma zertan den jakiteko egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button